Abenduaren 19az geroztik oinezkoak eta txirrindulariak (hauek ere oinez) ibili zitezkeen bertatik. Ostiral honetatik, otsailaren 6tik aurrera ere ibilgailuen joan etorrientzat ere ireki dute Txokoaldeko Altzonazko zubia. Euskal Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari egin beharreko lanak amaituta, ostiral arratsalde honetan, 18:00etan irekiko zutela jakinarazia zion, baina, azkenean, aurreikusitako une hori baino ordu batzuk lehenago ireki dute Oria gainerako pasabide berritua.
Garai bateko zubiak baino plataforma handiagoa du egungoak; alde batean, lehen ez zuen espaloi zabala ibiltarientzat. Tartean, ibilgailuak Txokoaldera sartu nahiz bertatik irteteko pasabidea, noranzko bakarrekoa. Adi, beraz, Aginagatik behera, seinaleztapen argia jarria dute bertan, gelditu beharra dago zubian sartu aurretik.
Zubiaren beste aldean, bidegorria egokitu dute. Ostiral arratsalde honetan, ordea, oraindik zigilatua zuten eremu hori. Bidegorri horretako lurzoruko marra zuriak margotu berriak zituzten eta momentuz, aipatu moduan ez dago erabiltzeko moduan, aipaturiko zubiko gainerako eremuak bai.
Arratsaldeko 18:00ak pasatxoan irudiok biltzen egon garen tartean, hainbat auzokide eta bisitari ikusi ditugu zubia zeharkatzen, baita ibilgailuak ere Txokoalderantz nahiz Aginagara bidean.
Ekainetik itxita
Gogoan izan, iazko ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldera sartu edota bertatik irten eta Oria zeharkatzeko komunikazio bide hau. Abenduaren 19an partzialki ireki zuten oinezkoentzat edota txirrindularientzat. Txirrindulariek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharka zezaketen gaur arte zubi hori.
Udalak berak duela ia bi hilabeteko irekiera partzial haren harira berri eman zuenez, "amaitzea espero zuten zenbait lan ez dituzte guztiz amaitu, eta, beraz, berme guztiak izan arte motordun trafikoarentzat ez irekitzea erabaki dute".
Egokitzapenak
Trafikoarentzat irekitzea asteotarako espero zuten. Ekainaren 2az geroztik egin bezalaxe, ibilbide zirkularra osatu behar izan dute ibilgailuek Txokoaldera heldu edota handik irteteko. San Esteban alderako igoeran erriberara jaitsi beharra zegoen Txokoaldera Oria ondotik heltzeko. Auzotik ateratzeko, aldiz, San Estebanera igo beharra zegoen, gero, handik, Santueneara jaisteko.
Txokoaldeko zubia gaur erabat irekitzearekin batera, ibilbide zirkular hori desagertuko da, beraz. Ekainaren 2an itxi zuten Txokoaldeko zubia berritze lanetarako. Garai hartan, "Txokoaldera sartzeko bide nagusia hori izanik, udalak hiru neurri hartu zituen auzotarren joan-etorriak bermatzeko: ibilgailuentzako ibilbide zirkularra ahalbidetzea, Bidez Bide zerbitzuaren ibilbidea eta ordutegia egokitzea eta taxi zerbitzua jartzea".
Zubia abenduaren 19an oinezkoentzat ireki ostean, "garraio publikorako sarbidea bermatuta izango denez, taxi zerbitzua" eten egin zuten, baina aipatu moduan, "ibilbide zirkularrak indarrean" segi du baita "Bidez Bide zerbitzuaren egokitzapenek ere" orain arte.