Gaueko 23:00ak pasatxo zirenean, "ezbeharra" Txokoalden, tren-geltoki zaharretik hurbil. Istripua trenbidean, geldirik dagoen tren batean. Berehala heldu zen Ertzaintza eta haien atzetik larrialdi zerbitzuak. Gertatu dena komunikatzen hasi ziren. Lehen anbulantziak arrapaladan heltzen hasi ziren, suhiltzaileekin batera. Arinki zauritutakoak haien kabuz ateratzen hasi ziren. Geltoki zaharraren ondoko bidea larritasun maila ezberdineko zaurituak artatzeko gune gisa egokitu zuten. Zaurituak anbulantzietara eramaten hasi ziren gero esku-oheetan, Txokoaldetik osasun zerbitzuetara garraiatzeko.
Ezbehar baten irudi eta hitzak dira honako hauek, baina zorionez benetan gertatu ez den istripu batenak. Izan ere, tarteka han eta hemen egin ohi dituzten larrialdi-simulakroa egin dute bart, aipatu moduan Txokoalden, tren-geltoki zaharraren ondoan. Zerbitzua eskaini ohi duen benetako tren bat baliatu zuten ezbehar antzezturako, trenbidea eta haren bueltako espazio erreal bat. Istripua ez zen benetakoa baina bertan eskuhartu zuten larrialdi zerbitzuak bai; aipatu bezala, anbulantziak, osasun arloko langileak, Ertzaintza, Usurbilgo udaltzaingoa, suhiltzaileak...
Ikusgarria izan zen larrialdi-simulakroa, denontzako hezigarria, halako egoera bat gutxien espero dugunean bizi dezakegulako eta nola jokatu ikastea oso lagungarria izan daitekeelako guretzat, nahiz gu artatzera datozen larrialdi zerbitzuentzat.
Txokoaldeko kasuan, zer hausnartua emandako kontuetako bat, irisgarritasunaren gaia; halako ezbehar bat irisgarria ez den eremu batean gertatuta, halako larrialdi egoera bat kudeatzeak izan dezakeen zailtasun maila. Ikuspuntu horretatik, nabarmentzekoa atzoko larrialdi-simulakroa egiteko hautatutako lekuaren egokitasuna.
Zorionez, ordea, atzo ez zen benetako ezbeharrik izan. Etorkizunean, ordea, halakorik gertatuko balitz, ahalik eta hoberen prest egotea komenigarria izanik, aipatu moduan berebiziko garrantzia dute bart gauekoa bezalako ekintzek.