Usurbilgo plazatik abiatu da taldetxo bat, eta bidean haur eta heldu gehiago batzen joan zaizkie gero Urdaiagako plazan eta Igartzazabal parean. Zirimarak jarritako biltzeko puntuak izan dira aipaturikoak. Eta hortik aurrera, natura, amalurra zaintzeko mezua helarazi duen ipuin magiko batean murgildu dituzte haurrak, Andatzara bidean topatu dituzten pertsonaia berezi eta magikoen eskutik.
Bidearen zati bat baino gehiago kantuan eta dantzan eman dituzte. Gailurrerako aldaparik ez zen gaurkoan, eta baldin bazen, ederki leundu diete Zirimarakoek. Gailurrean, Santueneko lagunek zerbitzaturiko hamaiketako goxoarekin indarberritu eta guraso zein haurrak batu dituzten jolasei ekin diete. Ezinhobeto igaro dute Andatza Egun jostalaria.