Zubietako jaien ostean, Urdaiaga eta Atxegalderen txanda

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 17a, 11:14

Uztailaren 24tik 31ra ospatuko diren Zubietako jaien ondotik helduko dira abuztu hasieran Urdaiagako festak, eta amaieran Atxegaldekoak. Festa giroz blai datozkigu asteok!

Hilaren 31n azken traka eta suziriekin agurtuko ditugu Zubietako jaiak eta uztaila. Abuztuari ongi etorria Urdaiagan emango diogu, ohi bezala Xanistebanekin. Abuztuaren lehena Zubietako astebeteko festa girotik indarberritu ostean, Urdaiagako plaza giroaz gozatzeko parada izango da hilaren 2tik 4ra. 

Ostiral arratsaldez abiatuko dituzte festak, txupinazoa jaurtita eta helduak jolas betean direla. Biharamunean, San Esteban Eguna, ohiko meza, hamaiketako eta dantzarien saioarekin. Musa, haurren tailerrak eta buruhandiak arratsalde partekoa osatzeko. Jaietako azken egunean, abuztuaren 4an Umeen Eguna, jolas, pintura lehiaketa, bazkari, txokolate jan eta disko festarekin. 

Xanistebanek bi parranda gau izango dituzte; abuztuaren 2koa, herriko Zaparra eta Rukula taldeekin eta Urdaiaga sarritan bisitatu izan duten Joxpa erromeria taldekoen eskutik jai giroa goizaldera arte. Abuztuaren 3an aldiz, herri afaria, bertso saioa eta Trikizio! Bertso saiorako Jon Maia, Eli Pagola eta Iker Zubeldia. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Atxegaldeko parranda asteburua
Urdaiagako festen ostean, barealdia zenbait astez herri bizitzan. Ekitaldirik ez da izango abuztu erdialdean. Oporraldiko itzulera eta iraileko "aldapari" goxoago begiratzen lagunduko digute Atxegaldeko jaiek. Aurten, abuztuaren 23tik 25erako asteburuan. Hasteko Kaxkoan jai giroa zabaltzen ariko dira atxegaldetarrak Matraka Elektrotxarangakoekin. Txupinazoa, luntxa eta buruhandiak gero auzoko plazan. Biharamunean, larunbat goiz eta arratsaldez, Umeen Eguna jolas, opari banaketa, Bubble Soccer, txokolate jan eta buruhandiekin. Tartean mus txapelketa. Indarberritzeko herri afaria Mikel Alkorta eta Ane Azkonobieta herriko musikariekin.

Eta txapelketa gehiago abuztuaren 25ean; toka goizean hamaiketako goxoarekin, Mastertxeff Txiki lehia arratsaldean, bertso musikatuen saioarekin. Alaia Martin, Oihana Iguaran, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” eta Beñat Gaztelumendi aurtengoan, Haritz Casabal “Kazz” gai jartzailearen esanetara eta  Gari Otamendi (bibolina) eta Ixak Arruti (kitarra) musikariak bidelagun dituztela.

Azken traka azken gauean. Aurretik, bi parranda gau luze, Mihise, Iñorkiñak, Larrian Gozo taldeekin abuztuaren 23an eta hilaren 24an, Laket eta Dj Nemuxekin. On egin!