Kultur Bira

Igande eguzkitsua izan dute bidelagun, ibilaldi neurtuko parte hartzaileek

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 5a, 11:01

Igandearekin batera, mendira! Plan ezin aproposagoa, eguzkitsu esnatu zaigun egun honetan. Ibilaldi neurtua antolatu dute gaurko Urdaiagatik Andatzara, Usurbilgo Kultur Biraren baitan. 13 taldeek izena eman dute hitzordu honetarako.

San Esteban ermitatik goizeko 9:00etako kanpai hotsak entzun diren unean bertan abiatu da, Usurbilgo Kultur Biraren baitan, gaurko Urdaiagatik Andatzara antolatua zegoen ibilaldi neurturako izena emana zuen lehen taldea. Gogotsu asko, abiada bizian joan dira lehen partaide gaztetxoenak.

Ibilaldi neurtua proposatu dute gaurko; San Estebango Jai Batzordeko kideek bideratu dute ekimenaren izen ematea eta prestakuntza lanak. 13 izan dira guztira, gaurko hitzorduan parte hartzea eskatua zutenak; bikoteak, haur eta gurasoez osaturiko taldeak, lagun koadrilak...  

Urdaiagatik Igartzazabal ingururainoko itzulia egin behar zuten. Erronka ederra jarri die antolakuntzak; mendi osteratxoa egiteko finkatua zuten denborara gehien hurbildutako taldea saritu asmo zuten. 

Talde txikiak, ordu zehatzetan
Usurbilgo Kultur Biraren gainerako hitzorduen antzera, igande eguzkitsu honetako ibilaldi neurtua ere osasun krisialdira egokitu dute. Izena emandako talde bakoitzak ordu zehatz bat zuen Urdaiagako plazara igo, antolatzaileen argibideak jaso eta txangoa abiatzeko. Talde txikiak osatu dira (gehienez 10 lagunekoak), bakoitzak bere ibilbidea osatu eta amaieran, San Estebango ermita parera heldu ahala hamaiketako goxoa dastatzeko aukera zuten.