"Urdaiaga ezagutuz" ibilaldia igandean

Urdaiaga auzoa ibilian sakonagotik ezagutzeko aukera aparta eskainiko dute igandea (urriak 18) Behemendik eta Beterri-Buruntzako udalek.

"Igande honetan Urdaiaga ezagutuz bisita gidatua Usurbilen. Santuenetik Txokoalderaino, baserri, oinetxe, eliza eta ibaiaren ertzean kokatzen den Urdaiaga auzoa ezagutzeko ibilaldi gidatua". Hortxe igande goizerako plana.

“Inguruan zeuden zetak, burdinolak, eta baserrien historia ezagutzeaz gain, Irisasi-Andatza eremutik ibilbide zoragarri bat egiteko aukera izango da”, urriaren 18an. Igandez, goizeko 9:30etan Santueneko plazatik abiatuta. 9 pertsonentzako lekua egongo da ibilaldian. Maskara jantzita eraman beharko da eta segurtasun tartea zainduta egingo da ibilbidea. Izen ematea eta informazio gehiago: donostialdea@behemendi.eus/ 656 705 243.

Behemendik eta Beterri Buruntzako udalek antolaturiko txango honen helburua etxean bertan ditugun bideak eta bideon bueltako paisaiak, ondarea ezagutu eta duten balioa ematea litzateke, bai etxean, baita gure artera bisitan datozenen artean. Agian, bertakoek errazago ezagutuko dituzte mendi bide eta bazterrak. Gure artera datozenek ez. Horretarako etorkizuneko erronka marrazten dute; bideok seinaleztatu eta mantentzea. Momentuz, asteotarako bide hau urratzen hasteko proba moduan ibilaldiok antolatu dituzte eskualdean, hurrenkera alfabetikoan; Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan, eta hilaren 18an, ziklo amaiera Usurbilen, Urdaiagan.

Harria Hitz, pizgarri berriekin
Udazkenerako ezustekoak iragarri zituzten antolatzaileek eta pizgarri berriekin bueltan dator Harria Hitz, herriko kultur altxorrak ezagutzea ahalbidetzen duten bisita gidatuak.

Urriak 24, larunbata
11:00 Usurbilgo frontoian elkartu.
11:05 Harria Hitz bisita gidauta herrigunean, Xabier Gantzarainek eta Ismael Manterolak gidatuta.
12:00 Amaiera.
16:00 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita.

Prezioa: 5 euro.
Izen ematea: 688 818 017 /info@kultour.pro/ harriahitz.eus
Oharra: 15 lagunentzako lekua gehienez.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Ibilbideen egun “birtuala” Buruntzaldean
Eskualdeko bidezidorrak ezagutzeko aukera eskaintzen du urtero eskualde mailako ekimen honek. 13. edizioa urriaren 25erako antolatu dute Buruntzaldeko Udalek. Baina bizi dugun osasun krisialdira egokitua izango da aurtengoa, edizio birtuala izango baita, “partehartzea online ziurtatuko delarik, nahiz eta ibilbideak oinez burutuko diren!”. Partehartzaileentzako sariak iragarri ditu antolakuntzak. Informazio gehiagorako: kirolak.buruntzaldea.eus