Andatzan hegazti babestu bat tiroz hil dutela salatu du Eguzkik

NOAUA!ra igorri duten oharrean Eguzki Talde Ekologistak ohartarazi duenez, "Fiskaltzan salatu du gabirai bat ("Accipiter nisus") tiroz bota zutela urriaren 27an Andatza aldean". Ez da bakarra. "Gabirai hori da urrian tiroz bota zuten espezie babestuetako laugarren alea, edo, hobeto esan, ezagutzen dugun laugarren alea", talde ekologistaren esanetan. Hemen duzue Eguzkiren idatzia osorik.

Gabirai bat hilabete batean tiroz bota duten laugarren hegazti babestua
Eguzkik Fiskaltzan salatu du gabirai bat (Accipiter nisus) tiroz bota zutela urriaren 27an Andatza aldean, Usurbilgo udalerrian. Partikular batek balkoi batean zaurituta aurkitu eta, Igeldoko Arrano Etxera eraman zuen arren, hegaztia handik gutxira hil zen.

Beraz, gabirai hori da urrian tiroz bota zuten espezie babestuetako laugarren alea, edo, hobeto esan, ezagutzen dugun laugarren alea. Izan ere, Eguzkik Fiskaltzan salatu zuenez, urriaren 6an arrano txiki bat (Hieraetus pennatus) zauritua agertu zen Errezilen eta 16an, berriz, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) Seguran. Arranoa ere handik pixka batera hil zen eta elanioa gaur egun osatzen ari da. Halaber, urriaren 24an belatz handi bat (Falco peregrinus) hil zuten Jaizkibelen, hori ere tiroz.

Hilabeteko epean gutxienez babestutako lau hegazti bota izanak agerian utzi du urteetan salatu dugun arazo kroniko bat, Aldundiak, alor honetan eskumenak dituen administrazio nagusiak, orain arte behar bezala tratatu ez duena. Horregatik poztu ginen lehengoan Jaizkibelgo hainbat ehiza-postu itxiarazi zituelako, postu horien inguruetan belatz bat tiroz bota ondoren (eta, esan dezagun bide batez, Eguzkik Fiskaltzan salaketak jarri ondoren). Alabaina, orduan esan genuen bezala, ikusteko dago momentuzko erreakzioa izan zen, urrian kasuak pilatu zirelako, edo benetan Aldundiaren politika berri baten abiapuntua den. Premia, behintzat, badago, gaur ezagutarazten dugun Usurbilgo gabiraiaren kasu berriak berriro agerian utzi duen bezala.

Behar bezainbeste aldiz errepikatuko dugu babestutako hegazti bat tiroz botatzea ingurumenaren aurkako ustezko delitua dela, kartzela-zigorra ere ekar dezakeena. Bada, hemen hegaztiak tiroz botatzen dira eta inoiz gutxitan izaten du zigorrik.

Eguzki Talde Ekologista