Azken orduotako haize bolada gogorren arrastoa Urdaiagan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 15a, 10:49

Hauts laino batek estaltzen du zerua eta haize bolada gogorrak izaten ari gara azken orduotan. Gure inguruan kalterik sortu du; poste bat erori da Urdaiagan.

Giro beroa dugu eta haize bolada gogorrak azken orduotan. Zerua eta lurzorua hautsez "zikindua" Saharatik heldutako hauts lainoagatik. Giro honetan, gauerdiaz geroztik abisu horia indarrean da haizeagatik. Haizeguneetan, "hego-ekialdeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute, bereziki mendi inguruetan. Kostaldean haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki ekialdean". Haizeguneak ez diren lekuetan aldiz, "hego-ekialdeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneak ez diren Gipuzkoako eta Arabako zenbait tokitan. Bestalde, haizeguneak ez diren Bizkaiko zenbait tokitan hego-ekialdeko haize boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Azken orduotako haize bolada gogorrek arrastorik utzi dute inguruotan. Pako Agudo herritarrak helarazitako ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan, poste bat erori da Urdaiaga auzoa eta Igartzazabal baserria lotzen dituen bidean. Dagoeneko bidea garbitu dutela adierazi dute.

Bihar ere antzeko
Giro honetan, astearte honetan Usurbilen, "tarteka hodeitsu erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin" joango zaigu eguna Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. "Hauts-gandua. Hego-haize zakarra. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko igoko dira", iragarri dute. Bihar (martxoak 16) ere, "hauts-gandua. Goizean zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, eta ateri eutsiko dio. Hego-haizea indartsu ibiliko da orduan. Arratsaldearen hasieran haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta behe-hodei trinkoagoak agertuko dira. Arratsalde-gau partean euria egin lezake. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Ostegunerako aldaketa; "goibel eta euritsu. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus