Lartzandieta, Usurbilgo biohondakina konpostean bilakatuko duen lehen baserria

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 4a, 14:33

"Helburua, herrian sortutako hondakin organikoa herrian bertan kudeatzea da, ikuspegi zirkularra landuz", adierazi dute egitasmo pilotu honen gaurko aurkezpenean.

Usurbilen gaika bildutako zati organikoarentzat egun dauden irtenbide eskaintzan, bide berri bat zabaldu dute eta astelehen goiz honetan aurkeztu dute Usurbilgo Udalak eta Behemendi elkarteak; baserri konpostaren proiektua. Egitasmo pilotua, Txokoaldeko Lartzandieta baserriarekin lankidetzan martxan jarri dutena. Denborarekin parte hartzeko prest leudekeen baserri gehiagotara hedatu nahi lukete egitasmo hau. "Helburua, herrian sortutako hondakin organikoa herrian bertan kudeatzea da, ikuspegi zirkularra landuz", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak egitasmoaren gaur goizeko aurkezpenean adierazi duenez. Nola? "Gai organikoak Behemendiren esku uzten dira, herriko baserritarrek azpiegitura egokien bidez konposta sortu eta erabil dezaten". Modu honetan, hondakinak lehengai bilakatzen dira naturara itzulita. "Hondakinen kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta garapen lokalean oinarritutako proiektua da beraz", alkateak argitu duenez.

Usurbilek urtero biltzen dituen 700-800 tona biohondakinetik 48 aurrerantzean Lartzandietan kudeatu ahal izango dituzte. Txokoaldeko baserri honek zalditegia eta Lumagorriren baitan lanean diharduen Borda Txuri oilasko haztegia ditu. Konpostatzeko proiektu hau abian jarrita, Koldo Huegunen esanetan, "hemen frogatzen da erabat uztargarriak direla gure jarduna eta konpostatzeko prozesu bat". Huegunek nabarmendu duen moduan, betidanik izan dute "ekoizteko era jasangarri eta arduratsuaren" testuinguruan.

Landutako konposta, baserrian bertan erabiliko dute. "48 tona modu errazean, herrian bertan eta baserritarren laguntzarekin konpostatu eta erabiltzeko sistema bat da erakusten ari garena gaur", nekazaritza alorreko udal teknikari Ibon Goikoetxeak adierazi duenez. Aipatu moduan, Usurbilen gaika bildutako biohondakinaren zati bat konpostean bilakatuko dute Lartzandietan, oilategiko zimaurra baliatuta. "Bere hondakin bat konpostatzeko baliabidean bilakatzen dugu". Biohondakinarekin nahastu eta "horren ondoren, jarraipen bat egiten dugu; tenperatura, hezetasuna... dena egoki doala ikusteko". Lauzpabost hilabeteko prozesuaren amaieran konposta eskuratzen da. 

"Herri lorpen baten ondorio"
Prozesu luzeago baten baitan kokatzen du Udalak proiektu hau, urrats berri gisara. Atzera begira jarrita hondakinen kudeaketan Usurbilek egin duen ibilbide aitzindaria errepasatu du Solaberrietak. 2009an jarri zen atez ateko bilketa martxan, %30tik %71ko gaikako bilketara igaro zen udalerri hau eta iragan 2021ean, inoizko emaitza hoberenera heldu da, %87ra. 2011n abiarazi zuten bestalde, auzokonpostatze egitasmoa; 575 familia ari dira etxean edo auzoan organikoa konpost bilakatzeko lanean. 2017an "Usurbil 0.0" sei urterako prebentzio eta kudeaketa programa jarri zuten martxan, "gure ahalmen tekniko eta ekonomikoa mugatua izan arren". Emaitzak eskutan "bikaintasuna helburu", norabide horretan dago kokatua Usurbil, "nahiz eta jakin badakigun badugula zer hobetua. Emaitza horiek zerbait badira, herri lorpen baten ondorio dira". Udalaren eta herritarren arteko urteotako lankidetza goraipatu du alkateak. Eta bide horretan kokatu du, gaur Txokoalden aurkeztu duten egitasmo berria.

Nekazarien jardunari bultzada
Lartzandietan martxan duten egitasmoak bete-betean bat egiten du landa garapenean eragiten diharduen Behemendi elkartearen zereginekin, Mikel Zendoia ordezkariak adierazi duenez, "batez ere baserritarren eguneroko lanean osagarria den proiektu bat delako eta herrian baserritarrak duen behar bati erantzuten diolako. Gainera nekazariaren beraren jarduna bultzatu eta indartzen du". Egitasmo pilotua izateak konposta nola egin ikasteko balioko diela nabarmendu du. Eta ikasitakoa zabaltzeko. "Gure lan esparrua Donostialdea eta Bidasoa bailara dugularik, beste herrietan ere halako aukerarik sortuko balitz", Lartzandietako esperientziatik jasotakoa baliagarria izatea espero dute.