Maiatzeko lehen bi igandeak

Andatza Egun girotua bueltan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 22a, 15:12

Covid19-ak bi urtez eragotzi ostean, Andatza Egun girotua bueltan datorkigu, ohi bezala, maiatzeko lehen igandean. Eta bigarrenean, bertako ondarea ezagutzeko ibilaldi gidatua iragarri dute. 

Eta hirugarrenean azkenean bai. 2019an ospatu zen azkenekoz, ohiko moduan. 2020an etxetik atera ezinik ginela egokitu zen. Iaz, mendira joateko moduan ginen bai baina ospakizunak garai batean bezala antolatu ezinik. Baina aurten bai, mendira igo eta garai batean bezala ospatuko dugu tradizio luzea duen Andatza Eguna. Egun girotua ospatzeko moduan izango gara, maiatzeko lehen igandean, hilaren 1ean. 

Andatza gainera igota, hamaiketako koxkorra egiteko moduan izango gara. Jan-edana zerbitzatuko dute. Eta bidea ere girotuko duenik izango da. Zirimara eskola kiroleko egitasmoko kideek familia-plana iragarri dute. Urdaiagako plazatik oinez Andatzara igo eta bertan jolasean aritzeko aukera eskainiko diete familiei. 

Andatza Egun girotu honen itzulera, astebete beranduagorako iragarri den bigarren hitzordu batek osatuko du gainera. Gipuzkoako Errotarrien Eguna ospatuko da maiatzaren 8an, 33 udalerrietan. Antolatu diren 40 ekitaldi ingururen artean, bat Usurbilen iragarri da. Andatzan hain zuzen. Bertako errotarriak ezagutzeko ibilaldi gidatua ospatuko da. "Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte". Geldialdietan hainbat azalpen emango dituzte bisita gidatuko duten Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariek. "Azken urteetan Andatza alderik alde miatu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila", antolatzaileen esanetan.

Maiatzeko lehen bi igandeetan beraz, Andatzara igotzeko gonbita:

MAIATZEAN ANDATZARA
Maiatzak 1, igandea: Andatza Eguna
09:30
Zirimararen familia-plana San Estebango plazatik abiatuta.
Andatza gainean, jolasak.
Bitartean, hamaiketakoa: salda eta haragai zein txorizo pintxoen banaketa.

Maiatzak 8, igandea: Gipuzkoako Errotarrien Eguna
Ordua: 09:30.
Tokia: 09:30etan Urdaiagan elkartu eta kotxez Puelaberriraino igoera. 10:00etan Puelaberrin biltzeko hitzordua. Handik abiatuko da bisita gidatua.
Gidariak: Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariak.
Zehaztasunak: Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu du maiatzaren 8an. Herrialdeko 33 udalerrietan 40 ekitaldi inguru guztira. Tartean Andatzako errotarrietara ibilaldi gidatua. "Azken urteetan Andatza alderik alde miatu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila, eta maiatzaren 8ko bisitan horietako zenbait ezagutzeko ibilbide bat prestatu dute. Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte. Ikerlariek azaldu dutenez, ibilbidea, oro har, samurra izango da, pistatik eta oinez erraz ibiltzeko modukoa; harrobiak ikusteko baino ez dira aterako pistatik. Geldialdietan inguru bakoitzeko datuak eta azalpenak emango dituzte: historia, geologia, harrobizaleen izenak, garraioak... Arropa eta oinetako erosoak eramateko aholkatu dute".
Izen ematea: aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.