Hamaiketakoarekin eta jolasekin, Andatza Eguna ospatzeko deia igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 29a, 20:01

Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan datorkigu Andatza Egun girotua maiatzaren lehenean.

Sustrai sakonak dituzten ekimenen itzulera udaberri honetan Usurbilen. Dantzarien hitzorduen ondotik, Andatza Egunaren txanda maiatzaren lehen egunean. 2020ko udaberrian etxetik atera ezinik ginen osasun krisialdagatik. Iaz hainbat lagun igo ziren Andatza gainera, baina koronabirusak bigarrenez ekimenak antolatzea eragotzi zuen.

2022an azkenean bai. Maiatzeko lehen igande honetan, hilaren 1ean, osasun krisialdi aurreko Andatza Egun girotua bueltan datorkigu. Batetik, jan-edana zerbitzatuko da babeslekuaren bueltan: haragi eta txorizo pintxoak, baita salda eta txotxeko sagardoa ere.

Zirimarak bestalde, familia-plana antolatu du haur eta gurasoentzat. Igande goizeko 9:30etan finkatu dute Andatzara abiatzeko hitzordua Urdaiagako eliza aurreko plazan. Gailurrera helduta, jolas ezberdinetan primeran pasatzeko aukera izango dute.

Eguraldiari dagokionez, euririk ez da espero Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeien tarte batzuekin; baliteke tarteka behe-hodeiak sartzea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizean ipar-osagaitik finkatu eta arratsaldean tarteka bizi ibiliko da barnealdean. Tenperaturan aldaketarik ez".

Ibilaldi gidatua
Andatza Egun girotu honen itzulera, astebete beranduagorako iragarri den bigarren hitzordu batek osatuko du gainera. Gipuzkoako Errotarrien Eguna ospatuko da maiatzaren 8an, 33 udalerrietan. Antolatu diren 40 ekitaldi ingururen artean, bat Usurbilen iragarri da. Andatzan hain zuzen. Bertako errotarriak ezagutzeko ibilaldi gidatua ospatuko da. "Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte". Geldialdietan hainbat azalpen emango dituzte bisita gidatuko duten Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariek. "Azken urteetan Andatza alderik alde miatu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila", antolatzaileen esanetan.

Maiatzeko lehen bi igandeetan beraz, Andatzara igotzeko gonbita:

MAIATZEAN ANDATZARA
Maiatzak 1, igandea: Andatza Eguna
09:30
Zirimararen familia-plana San Estebango plazatik abiatuta.
Andatza gainean, jolasak.
Bitartean, hamaiketakoa: salda eta sagardoa txotxetik, haragai zein txorizo pintxoen banaketa.

Maiatzak 8, igandea: Gipuzkoako Errotarrien Eguna
Ordua: 09:30.
Tokia: 09:30etan Urdaiagan elkartu eta kotxez Puelaberriraino igoera. 10:00etan Puelaberrin biltzeko hitzordua. Handik abiatuko da bisita gidatua.
Gidariak: Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariak.
Zehaztasunak: Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu du maiatzaren 8an. Herrialdeko 33 udalerrietan 40 ekitaldi inguru guztira. Tartean Andatzako errotarrietara ibilaldi gidatua. "Azken urteetan Andatza alderik alde miatu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila, eta maiatzaren 8ko bisitan horietako zenbait ezagutzeko ibilbide bat prestatu dute. Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte. Ikerlariek azaldu dutenez, ibilbidea, oro har, samurra izango da, pistatik eta oinez erraz ibiltzeko modukoa; harrobiak ikusteko baino ez dira aterako pistatik. Geldialdietan inguru bakoitzeko datuak eta azalpenak emango dituzte: historia, geologia, harrobizaleen izenak, garraioak... Arropa eta oinetako erosoak eramateko aholkatu dute".
Izen ematea: aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.