Andatza Eguna

Itzulera gozoa izan du Andatza Egun girotuak

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 1a, 17:18

Behe-laino artean ospatu den itzulerako edizioa jendetsua izan da, jateko eta edariz girotua. Andatza Egunak garai bateko itxura hartu du berriz.

Zalantza izpirik gabe, itzulera gozo askoa izan du Andatza Egunak. Maiatzeko lehen igande honetan ospaturiko hitzorduak, osasun krisialdiak behartuta aurreko bi urteetako etenaldia arrakastatsuki gainditu du. Jendetsua izan da itzulera.

Igande goizean goizetik ibiltariak ikus zitezkeen Urdaiagatik gorantz. Bidean lekuko aldaketa; gailurrera bidean zihoazenak, beherantz bueltan zetozenekin gurutzatzen. Eta babeslekura heldu ahala musika giroa, eta jendetza. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak; koadrilak eta guraso zein haurrez osaturiko talde handiak nagusiki.

Eginiko bidearen ordainetan, Santueneako lagunak aritu dira zerbitzatzen hamaiketako goxoa; txorizo nahiz haragi egosia sabela pozteko, eta salda edota Saizarko sagardoa txotxetik edateko aukera.

Datorkigun udaberriaren adibide argia ditugu ondoko irudiok. Azken bi urteotako osasun krisialdiak etendako herri bizitza berreskuratzeko prozesu betean gara. Hilabeteotan biziko ditugun itzuleretako bat izan da gaurko Andatza Egun girotuarena.