Andatza Eguna

Andatza gordeleku, Zirimarako familia planeko partaideentzat

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 1a, 16:51

Andatza Egun girotu honen itzuleran parte hartu dute baita Zirimara egitasmoko familiek. Urdaiagatik abiatu duten txangoaren baitan, jolasean aritu dira babesleku ondoko zuhaiztietan.

Eskolaz kanpoko aisialdi arloko egitasmoko parte hartzaileek ere, Zirimarako kideek bat egin dute maiatzaren lehenengo egun honetan ospatu den Andatza Egun girotuaren itzulerarekin. Familia-plana antolatua zuten gaurko haur eta gurasoentzat. Goizean jarria zuten biltzeko hitzordua Urdaiagako plazan. Handik Andatza gainera abiatu dira. Eta goian, gogotik jolastu dute. Andatzako babesleku inguruko zuhaiztian gora eta behera ibili dira, zapien bila eta gordeketan. Ondoko talde argazkian batu dira amaieran.

Izen emateko garaia laster
Eskolaz kanpoko aisialdi egitasmoan datorren 2022-23 ikasturterako matrikulatzeko epea zabaltzekotan dira. Maiatzaren 16tik 27ra bideratu ahalko da izen ematea esteka honetan dagoen formularioa beteta: Zirimara, izen ematea

Matrikulazioa behar bezala egiteko, ordainketa ere egin beharko da. Adi; "Eskola Kirolan parte hartzeko derrigorrezkoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea, izan norbanako modalitatean edo familia modalitatean", ohartarazi du antolakuntzak. Gogoan izan baita, Kiroldegiko abonamendu honi begira udal hobariak eskuratu daitezkeela. LH 1-4 arteko ikasleentzako eta haien senideei zuzenduriko eskaintza da Zirimara. Xehetasun gehiago datozen egunotan.