Maiatzaren 8a, Gipuzkoako Erroten Eguna

Andatzako errotarrietara ibilaldi gidatua igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 6a, 08:07

Andatzak duen ondarea hobekiago ezagutzeko parada maiatzaren 8an, txango gidatu baten bidez.

Andatza Egun girotu arrakastatsuaren ondotik, berriz ere Usurbili begira dagoen mendira igotzeko gonbita igandean, maiatzaren 8an. Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da. Hitzordu honen bidez, "jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdiak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak".

Antolatzaileen, errota sustatzeko Ihurrita izeneko elkartearen esanetan, "errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzia handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurralde antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetariko bat dira, ondare adierazgarria, gizakiak bere inguruarekin dituen harremanei buruz hitz egiten duena, eta gure kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten duena".

Herrialdeko 33 udalerrietan hainbat ekintza iragarri dituzte, tartean, baita Usurbilen ere. Kasu honetan, errotarrietara ibilaldi gidatua antolatu dute. "Usurbilgo Andatza mendiak 25 harrobi eta 150 errotarri baino gehiago dauzka bere lurretan. Oraindik ere, mendian ikus daitezke horiek denak eta beren aztarnak berriki ezagutu diren herri ondare dira. Mota ezberdin ugaritako errotarriak topatu daitezke, lantze prozesuan, hasi berriak, ia amaitzear dauden harriak edota tamaina eta funtzio ezberdinetakoak. Mendian dagoen ondare honek, mendeetan zehar Usurbilen errotagintzaren inguruan sortu zen bizimoduaren adierazle dira, eta mendia zer nola ustiatzen zen ulertzen laguntzen dute".

Andatzako errotarrietara bisita gidatua
Eguna: maiatzak 8, igandea.
Ordua:
09:30.
Tokia: 09:30etan Urdaiagan elkartu eta kotxez Puelaberriraino igoera. 10:00etan Puelaberrin biltzeko hitzordua. Handik abiatuko da bisita gidatua.
Gidariak: Javi Castro eta Yoseba Alonso ikerlariak.
Zehaztasunak: Ihurrita Errota Sustatzeko Elkarteak Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu du maiatzaren 8an. Herrialdeko 33 udalerrietan 40 ekitaldi inguru guztira. Tartean Andatzako errotarrietara ibilaldi gidatua. "Azken urteetan Andatza alderik alde miatu dute Castrok eta Alonsok errotarri eta mugarrien bila, eta maiatzaren 8ko bisitan horietako zenbait ezagutzeko ibilbide bat prestatu dute. Bi kilometro inguruko ibilbidean, Andatzan identifikatuak dituzten 25 harrobietatik hiru bisitatuko dituzte. Ikerlariek azaldu dutenez, ibilbidea, oro har, samurra izango da, pistatik eta oinez erraz ibiltzeko modukoa; harrobiak ikusteko baino ez dira aterako pistatik. Geldialdietan inguru bakoitzeko datuak eta azalpenak emango dituzte: historia, geologia, harrobizaleen izenak, garraioak... Arropa eta oinetako erosoak eramateko aholkatu dute".
Izen ematea: aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.