Auzolanean konpondutako iturria

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 2a, 10:05

Mendiko lanek hautsitako iturria auzolanean berreskuratu du herritar talde batek.

Pinudi eremu zabala botatzen aritu dira hilabeteotan Irisasin. Zonalde zabal bat nola soildu duten ikus daiteke herriko txoko ezberdinetatik. Foru Aldundiarentzat lanean ari zirenek ordea, pinuez gain, ur eder askoa eskaintzen zuen iturri bat ere txikitu zutela berri eman dio NOAUA!ri herritar talde batek.  “Usurbilgo Irisasi mendiko Zingireta gunean zegoen iturria erabat puskatu zuten, Diputazioarentzat pinuak mozten ibili zirenek”, azaldu diote NOAUA!ri, lerrootako protagonistek. Besoak gurutzatuta geratu ez eta ondoko argazkian ageri den moduan, konponduta utzi dute. Auzolanean berreskuratu dute iturria.