Ekainaren 1era arte

Andatzako udako indusketa arkeologikoetan izen-emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 30a, 09:08

Andatza II eta II Irigain eremuetan uda honetan indusketa lanetarako boluntarioak behar ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Ekainaren 1era arteko epea dute interesdunek izen-emateko.

Aurreko urteetan egin izan duten moduan, herri honen iraganean arakatzeko aukera ederra izango da uda honetan ere. Aranzadi Zientzia Elkarteak abuzturako eta irailerako antolatu dituen indusketa arkeologikoen berri eman du. "Ikerketa arkeologikoak Aranzadi Zientzia Elkarteak udan garatzen dituen jarduera nagusietako bat dira. Koba, dolmen, herrixka, galtzada, gaztelu, ermita eta abarretan erregistratzen den informazioa ezinbestekoa da gure iragana ezagutzeko eta gure ondarea kontserbatzeko. Aranzadiren ikerketa arkeologiko horiek bertako zuzendarien, ikasleen eta bertan inplikatutako pertsona guztien boluntariotza-lanari esker egiten dira. 2023ko kanapainetan parte hartu nahi baduzu honako formularioa bete", azaldu du Aranzadik. 

Besteak beste, Usurbilen egingo dira lanok; zehazkiago esanda, Andatza II eta III eremuan (abuztuaren 7tik 19ra) eta Irigainen (irailean) egingo dituzte. Zereginotan aritzeko boluntario bila dabil Aranzadi. "Aranzadiren ikerketa arkeologiko horiek bertako zuzendarien, ikasleen eta bertan inplikatutako pertsona guztien boluntariotza-lanari esker egiten dira. Era berean, udalekin eta aztarnategiak dituzten udalerrietako herritarrekin lankidetzan garatzen dira. Hori guztia dela eta, eskerrak eman nahi ditugu boluntariotza arkeologiko horrengatik; izan ere, horrela izan ezean, proiektuak ezingo lirateke burutu".

Aurtengo udako indusketa lanetan parte hartu nahi duten interesdunek ekainaren 1a baino lehen eman beharko dute izena doan. 


Andatza II eta III
Zehaztasunak: "Andatza mendia ikertzeko proiektu honetan bi aztarnategi desberdinak industen ari dira: Andatza III Brontze Aroko monumentu megalitikoa eta Irigain izeneko erromatar garaiko bizitokia."
Mota: Indusketa arkeologiakoa.
Kronologia: Neolitoa - Burdina Aroa.
Indusketa-datak: Abuztuak 7-19.
Zuzendaritza: Manu Ceberio, Izaro Quevedo. 
Hizkuntza: elebiduna (gaztelania eta euskara). 
Izena emateko prezioa: doakoa (mantenua barne). 
Leku-kopurua: 5.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia.


Irigain
Mota: Aire zabaleko aztarnategia.
Kronologia: erromatar garaia.
Jarduera-datak: irailean.
Zuzendaritza: Manu Ceberio, Izaro Quevedo. 
Hizkuntza: Elebitan (gaztelera y euskara).
Izena emateko prezioa: doakoa (bazkariak barne).
Leku kopurua: 5.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Izen-ematea: udako indusketak 

Informazio gehiago, aranzadi.eus atarian.