Urdaiagako jaiak

Auzokideak lehia bizian jolasean

Noaua Aldizkaria 2023ko abu. 4a, 12:18

Belaunaldi ezberdinetako auzokideen parte hartzea sustatu zuten, San Esteban egunez ospatu zituzten helduen arteko jolasek.

Hotz eta euritsu joan zen abuztuaren 3ko San Esteban Eguna. Urdaiagako jaien abiapuntu eta erdigunean, ordea, oso bestelakoa izan zen giroa. Lehia giro beroa bizi izan zen ostegun arratsaldean, segidan dituzuen irudiok horren guztiaren lekuko.

Belaunaldi ezberdinetako auzokideak jolas ezberdinetan neurtu zituzten indarrak; aulki jokoan, begiak estalita arrautz jaurtiketan, gaileta lehorren dastatzean, edaridun lokots bilketan... Hiru talde osatu zituzten, eta hortxe dituzue, urdinak izan ziren garaile, atzetik talde beltza eta berdea. Baina bistan denez, festa giroa izan zen txapelduna atzokoan. Buruhandien joan etorriek osatu zuten San Esteban eguneko arratsalde parteko eskaintza.

Ostiral arratsalde honetan segiko dute ospakizunek Urdaiagan:

Urdaiagako jaiak
Abuztuak 4, ostirala
15:30
Museko izen-ematea.
16:00 Mus txapelketa. Sariak:
1. saria: marisko bandeja bana, txapela eta xanpain botila bana.
2. saria: urdaiazpiko paleta bana, kopa eta xanpain botila bana.
3. saria: kilo bateko txuleta bana eta xanpain botila bana.
4. saria: txorizo eta gazta bana eta xanpain botila bana.
Amaitzean, buruhandiak.
20:00 Patata tortilla txapelketa.
21:00 Herri afaria (bakoitzak berea, batzordeak edaria eta postrea).
23:00 Bertsolariak: Iker Zubeldia, Nerea Elustondo eta Agin Laburu.
Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
00:30 Gabezin taldearekin erromeria.

Abuztuak 5, larunbata: Umeen Eguna
10:00
Kolore-kolore.
10:45 Jolasetarako eta bazkarirako izen-ematea txosnan.
11:00 Umeen jolasak. Aldatzeko arropa ekarri.
14:00 Umeen bazkaria, jai batzordekoen eskutik.
16:30 Umeentzako tailerrak.
18:00 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
19:00 Traktopoteoa Ingemarko biribilgunetik.
21:00 Afaria. Txartela aldez aurretik erosita Txiribogan eta Txirristran.
Jarraian, Ameba eta Kristonak.
Amaitzean, jolasak.

Abuztuak 6, igandea
11:00
Ibilaldi neurtua Andatzan barrena. Izen-ematea unean 10:30etan hasita txoznan.
Partaideak etorri ahala hamaiketakoa (salgai).
Partaide guztiak itzultzean, sari-banaketa.

Antolatzailea: San Estebango jai batzordea.