Bete-betean asmatu du Jai Batzordeak aurtengo egitarauan txertatu duen berrikuntzetako batekin; Xanistebanetako azken parranda gauari ekin eta girotzen hasteko traktopoteoa antolatu dute larunbat arratsalde euritsu honetan.
Traktore musikatua, edariduna, bidera atera dute Urdaiagako plaza ondotik. Ingemarren zuten jarria biltzeko hitzordua, azkenean ordea, Xanistebanen ospakizun giroa Kaxkora hedatzea erabaki dute. Bizkarretik Kale Nagusira eta handik Bordatxo pareko biribilguneraino igo dira. Bidelagun berriak batu ostean, handik bueltan Urdaiagarako igoerari ekin diote, Santuenea paretik igaro ostean.
Denetariko musika doinuen erritmora, parrandarako gogoz joan dira Urdaiagako plazan antolatu duten afaritara, poteo musikatu ibiltari honen bidez.