Xanistebanetan da jada Urdaiaga. Abuztuan sartzearekin batera heldu da festa giroa bertara. Ostiral goiz honetan izan da, abuztuaren 2an, belaunaldi gazteenaren eskutik. Izan ere, jaietan blaitzen lehenak haurrak izan dira, bertako jai batzordeak antolaturiko Umeen Eguneko ekintzekin.
Blaitzen diogu, halaxe amaitu dute eta goiza, segidan datozen irudiotan ikus dezakezuen moduan. Urdaiagako parkearen magalean egokitu duten txirrista irristakorrean gozatu ederra hartu dute txikienek. Gero, estreinakoz gaurkoan bitan irtengo diren buruhandiek borobildu dute jolasez ederki hornituriko goiza.
Hasiera euripean
Jaiei hasieran eman dien txupinazoa jaurti eta gutxira botatako euri zaparradak zertxobait atzerarazi behar izan du Umeen Egunaren hasiera, baina ez dira ezer egin gabe geratu; txikienak sorkuntza lanetan aritu dira, marrazten, karpaguneko aterpean. Segidan ekin diete globo gerrari edota aulki jokoari. Eta hala, eten ez diren jolasen katearekin heldu dira eguerdi partera.
Txikienentzako eskaintzak bazkalostean segiko du tailerrekin eta bigarrenez irtengo diren buruhandi bizi-biziekin. Helduentzako, jendetsua izan ohi den mus txapelketa antolatu dute.
Honatx datozen ordu eta egunotan Urdaiagan izango duzuen festetako eskaintzaren berri:
Urdaiagako jaiak
Abuztuak 2, ostirala: Umeen Eguna
16:00 Umeen tailerrak.
16:00 Mus txapelketa (izen-ematea 15:30etan).
18:00 Buruhandiak.
21:00 Bertso-afaria (txartelak salgai egongo dira aurrez).
Gauean: Txiskeroak, Rukula, DJ Txolas.
Abuztuak 3, larunbata: San Esteban Eguna
11:00 Meza.
Jarraian, dantzariak.
Gero, paxintxi eta ardo-goxo banaketa.
14:00 Herri-bazkaria, nork berea emanda. Edaria eta kopak Jai Batzordearen eskutik.
18:00 Helduen jolasak.
Jarraian, buruhandiak.
21:00 Afaria nork berea emanda, edaria eta kopak Jai Batzordearen esku.
Gauean: Etxekalte, Ganibet.
Jarraian, mozkor-jolasak.
Abuztuak 4, igandea
16:30 Herri kirolak.
19:00 Tortilla patata lehiaketa.
Ondoren, buruhandiak.
Jaien amaiera.
Antolatzailea: San Estebango Jai Batzordea.