Urdaiagako jaiak 2024

Bertakoak nahiz bisitariak, 29 bikote mus txapelketan

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 2a, 17:26

Mus txapelketa jendetsuari ekin diote Urdaiagako jaien lehen egun honetako bazkalostean.

Musarekiko zaletasuna ez da epe motzean amaitu edo etengo. Azken urteotako Usurbilgo herri nahi auzoetako jaiak ditugu horren guztiaren lekuko. Beteranoei belaunaldi gaztea batu zaie, nagusiki gizonezkoen parte hartzea erakartzen segitzen duen karta jokoan. Bertakoei, hurbilen bizi direnei bisitariak batzen joan zaizkie urteotan, "nazioarteko" kutsua hartzeraino txapelketa hauek.

Usurbilgo edota Zubietako jaietako mus txapelketen ondotik Urdaiagakoaren txanda izan da ostiral bazkaloste honetan. 29 bikote agertu dira auzoko plazan, 15:30-16:00 artean finkatua zegoen epealdian izen-ematera. Berehala ekin diote lehiari, San Esteban elizaren ertzean, itzalpean. Ikusi zenbateko mahai ilara osatu duten jokalariek.

Jaietako ezinbesteko osagaian bilakatu da txapelketa hau, Urdaiagako festetan ere. Halere, adi; ez da astebururako iragarri duten lehia bakarra izango. Biharko San Esteban egunez, auzotarren arteko jokoetan indarrak neurtzeko aukera izango dute. Etzi, hilaren 4an, herri kirolak lehenbizi eta jaiak amaitzeko patata tortilla txapelketa!