Andatza Egunera begira

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 28a, 09:04

Maiatzeko lehen igandean berrituko da hamarkada luzeetako ohitura; Andatzara igotzekoa.

Ate joka dugu Andatza Eguna. Ohi bezala, maiatzeko lehen igandearekin batera ospatuko da, aurten, hilaren 4an. "Ibai-Ondo elkarteko kuadrillatxo bat gara elkartzen garenak. Arantzazura gurekin etorritako gazteak ere taldean sartu dira. Giro oso ona izaten dugu", berri eman diote NOAUA!ri, berriki Usurbildik Arantzazura joateko ibilaldiaren antolatzaileek.

Talde hau arduratzen da, mendi tontorrera igotakoen sabela pozteaz; hamaiketako girotua prestatzen dutenak dira. 2018an hartu zuten antolakuntza lanen lekukotza. "Bizpahiru urte baziren egiten ez zena", gogorarazi digute. Garai hartan, "mendian ordu asko ematen ditugunez, gure artean gauza askotaz hitz egiten dugu. Andatza Eguna antolatzeko asmoaz hitz egiten aritu ginen". Esan eta egin. 2018ko eta 2019ko Andatza Eguna girotu zuten. Gero, gogoan izango duzuenez, covid19ak eragindako osasun krisialdia tarteko, etenaldia heldu zen.

Azken urteotan, berriro heldu diote ohitura horri. 2025eko edizioa maiatzaren 4rako ari dira prestatzen.

Mendi hau hain zuzen, hamarkada luzez herritar eta bisitari hainbaten topaleku bilakatu izan da maiatzeko lehen igandean. Azken urteotan, ordea, beste egun batez ere sendotzen doa Andatzara igotzeko ohitura; urte hasieran hain zuzen. "Lehen denak Adarrara joaten ziren", oroitarazi digute. Urte hasiera hau herrian bertan ospatzeko ohiturari ekin zioten. Lehen saiakeretan, "betiko lagunak bildu ginen". Gerora, "urtetik urtera gehiagora" joan da.

Urtarrilaren 1ean halaxe izan zen. Orain, udaberriko topaketaren atarian dira. Igande honetan, 2025eko Andatza Eguna izango dugu.