Maiatzean sartzearekin batera, ate joka dugu lehen igandea; hilaren 4a aurten. Andatza Eguna izango dugu. Goiz girotua, azken urteotan bezalaxe, Santueneko Ibai-Ondo elkartearen bueltako koadrilaren eta gazte talde baten eskutik. Talde hau arduratzen da, mendi tontorrera igotakoen sabela pozteaz; hamaiketako girotua prestatzen dutenak dira. 2018an hartu zuten antolakuntza lanen lekukotza. "Bizpahiru urte baziren egiten ez zena", gogorarazi digute. Garai hartan, "mendian ordu asko ematen ditugunez, gure artean gauza askotaz hitz egiten dugu. Andatza Eguna antolatzeko asmoaz hitz egiten aritu ginen". Esan eta egin. 2018ko eta 2019ko Andatza Eguna girotu zuten. Gero, gogoan izango duzuenez, covid19ak eragindako osasun krisialdia tarteko, etenaldia heldu zen.
Azken urteotan, berriro heldu diote ohitura horri. 2025eko edizioa prestatzen ari dira orain.
Zirimararen familia plana
Aurtengoa ere ibilaldi girotua izango dela iragarri dute. Gogoan izan, igande honetan, maiatzaren 4an ospatuko da urteroko Andatza Eguna. Hara nahieran igoko da norbera. Nahi duenak, ordea, Zirimarak antolaturiko familia planean parte hartu ahalko du. Urdaiagako plazatik Andatza lagunartean eta jolasean igotzeko gonbita egin dute, azken urteon antzera. Jolasek giroturiko ibilaldi girotua izango da, lau egun barru egingo dena.
Goian, jolasean segi ahalko dute. Bertan, gainera, Andatza Eguneko antolatzaileak sabela pozteko janaria eta edaria zerbitzatzen ariko dira. Aurtengoa ere, beraz, Andatza Egun girotua datorkigu.
Andatza Eguna
Maiatzak 4, igandea
9:30 San Estebango plazatik abiatuta Zirimararen familia plana.
Zehaztasunak: "Familia giroan, Andatzako igoerari ekingo diogu, ibilbidean zehar zenbait jolas eginez. Behin gora igota ere jolas batzuk egingo ditugu. Usurbilgo herritar guztioi Andatzara igotzeko gonbita egin nahi dizuegu. Zirimarako familia planean edo, norbera, bere kaxa, nahi duen bide eta lagunekin. Behin Andatzara igotakoan, denok argazkia atera eta elkarrekin dantzatu edo salda eta pintxoa hartzeko aukera izango da. Giro ederra egongo da aurten Andatzan! ANIMATU!".
12:30 Argazkia aterako dugu denok Andatzako bordaren parean.
Goizean zehar, pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da Andatzako bordan.
Antolatzaileak: Ibai-ondo elkartea eta Zirimara.
Babesleak: Saizar Sagardotegia eta Usurbilgo Udala.