Andatza Eguna

Giro ederra beste behin, herritarren topagunea izan den Andatzan

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 4a, 20:40

Giro eguzkitsua izan dute gaurkoan Andatzara igo eta urteroko ospakizunean murgildu direnek.

Aurreko egunetan gaurko iragarria zegoena ez da bete azkenean. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, azkenean euririk ez, giro eguzkitsua izan du aurtengo Andatza Egunak ere.

Beste urte batez, usurbildarren topagunea izan da ospakizun egun hau babesleku atarian. Santueneko Ibai-Ondo elkarteko hainbat kideek gazte koadrila batekin lankidetzan oraingoan ere herritik hara igotakoen sabela pozteaz arduratu dira jan-edana prestatu eta zerbitzatzearekin batera.

Aurreikuspenak gainditu dizkie gaurko hitzorduak, uste baino jende gehiago erakarri baitu hitzorduak. Familian, lagunartean, banaka, bikotean... oinez, lasterka baten bat, bizikleta gainean... Norbera nahieran igo da Andatzara baina denek helmuga bera izan dute, duela hamarkada askotatik bezalaxe; usurbildarren elkargunea izan den Andatza Eguna.