Andatza Eguna

Zirimara, Andatza igotzeko bidelagun

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 4a, 20:19

Familia plana antolatu du Zirimarak gaurko Andatza Egunerako. Amaieran, aspaldiko talde argazki jendetsuena atera dute.

Kabitzeko nahiko lan izan da aurtengoan ere. Denen aurpegiak egoki ikusteko argazki bat baino gehiago atera behar izan diegu. Izan ere, azken urteotako talde argazki jendetsuena atera dugu aurtengo Andatza Egunean.

Bertan bildu dira, antolatzaileak nahiz maiatzeko lehen igande honetako ospakizunean murgildutakoak. Haiekin izan dira baita Zirimarakoak ere. Izan ere, azken urteotan egin izan duten moduan, familia plana antolatua zuten gaurko, maiatzaren 4rako.

Urdaiagako plazan elkartu dira 9:30etan eta elkarrekin ekin diote Andatzako igoerari. Bidean ingurumenak eskainitako baliabideekin jolasean aritzeko aukera izan dute, natura arakatzen jardun dute; adar edo hosto mota ezberdinak aurkitu eta identifikatzen aritu dira.

Jolasean eta ibilian igo dute Andatza. Helmugan, han bildutakoekin ondoko talde argazki jendetsua atera dute.