Kirol proba berri bat udalerri honen herri bizitzan; Usurbilgo I. Raida antolatu dute Urdaiagan, datorren irailaren 28an. Andatza Endurance Club Kirola eta Euskal Hipika Federazioa daude antolakuntzan, albiste honetan beherago duzuen kartelak iragarri moduan, kolaboratzaile sare zabal batekin batera.
Aipatu federazioak duen egutegian ere proba berri gisa ari dira iragartzen. "Euskal Hipika Federazioaren lehiaketen egutegi ofizialean Raid berri bat sartu dela jakinarazten dugu", berri emana dute.
Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapa edo faseak osatu behar behar dituzte parte hartzaileek. Hala, distantziaren arabera zehazten dira lehiaketetako kategoriak . 20, 40, 60, 80, 120, 130 edo 160 kilometrotakoak izan daitezke. Usurbilgo I. Raida, esaterako, 20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan jokatuko dela iragarri dute antolatzaileek.
"Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.
Euskal Hipika Federazioaren esanetan, "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jokoan jartzen duen diziplina da Raid-a; izan ere, "biek egun bakarrean distantzia luzea korritu behar dute eta erlojuz kontra. Zaldizkoak bere zaldiaren ahalegina neurtzeko eta proban zehar, erritmo egokian joateko gaitasuna izan behar du".
Euskal Hipika Federazioak zehazten du txapelketa hauen egutegia. Kategoria ezberdinetakoak izaten dira; nazioartekoak, estatu mailakoak edota erkidegokoak izan daitezke.
Usurbilgoa, Euskal Hipika Federazioak arautuko du.