Kirol proba berri bat udalerri honen herri bizitzan; Usurbilgo I. Raida antolatu dute Urdaiagan, igande honetan, irailaren 28an , goizeko 9:00etan. Aipatu federazioak duen egutegian ere proba berri gisa ari dira iragartzen. "Euskal Hipika Federazioaren lehiaketen egutegi ofizialean Raid berri bat sartu dela jakinarazten dugu", berri emana dute. Proba bera soilik ez, aipatzekoak dira baita antolatzaileak ere, Usurbilgo I. Raida prestatzeko talde berri bat osatu da eta; Andatza Endurance Kirol Kluba izenekoa.
Euskal Hipika Federazioak hilabete hasieran jakinarazi zuen "klub berri bat erregistratu dela", aipatu izena duena. "Ongi etorri gure federaziora", adierazi zioten Usurbilgo eragile berriari.
Lau distantziatan
Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapa edo faseak osatu behar dituzte parte hartzaileek. Hala, distantziaren arabera zehazten dira lehiaketetako kategoriak. 20, 40, 60, 80, 120, 130 edo 160 kilometrotakoak izan daitezke. Usurbilgo I. Raida, esaterako, 20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan jokatuko dela iragarri dute antolatzaileek. Ibilbideak "mendiko pistak, lurrezko bideak, hartxintxarrak, eta asfaltozko bide zatiak" izango ditu. "Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.
Erresistentzia jokoan
Euskal Hipika Federazioaren esanetan, "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jokoan jartzen duen diziplina da Raid-a; izan ere, "biek egun bakarrean distantzia luzea egin behar dute eta erlojuz kontra. Zaldizkoak bere zaldiaren ahalegina neurtzeko eta proban zehar, erritmo egokian joateko gaitasuna izan behar du".
Euskal Hipika Federazioak zehazten du txapelketa hauen egutegia. Kategoria ezberdinetakoak izaten dira; nazioartekoak, estatu mailakoak edota erkidegokoak izan daitezke.
Izen-ematea ixtear
Usurbilgo proba bizileku duen lursailean (Urdaiaga auzoa 2an, Santueneatik San Estebanera igotzeko lehen bidegurutzearen ondoan) antolatu du Andoni Segurola herrikideak bi lagunekin batera.
"Txikitatik datorkigu hiruroi zaldien munduarekiko lotura. Gogoan dut bost urterekin etxera ekarri zituztela pottoka batzuk", ordutik du lotura animaliokin, NOAUA!ri azaldu dionez.
Raid-a antolatzen dabiltza buru-belarri aste honetan. Ostegunera arte, zabalik izango dute proba berri honetan izena emateko epealdia parte hartzaileentzat. Orduan jakingo dute zenbat lehiakide izango dituzten igandean. Orohar, gisa honetako hitzorduetan, "hemen inguruko eta kategorietako raid-etan gehienez, 30-40 parte hartzaile izaten dira kategoria guztietakoak batuta, promoziokoetan. EAE-ko lehiakideak izaten dira, Nafarroatik batzuk mugitzen dira, eta baita Kantabria edota Asturias aldetik ere".
Kontrolpeko abiadura
Proba hau antolatzeko gogoak bilgune berri bat sortzera bultzatu ditu; Andatza Endurance Kirol Kluba. "Raid hau antolatzeko biltzen hasi ginenean, begira aritu ginen zer pauso segitu beharko genituen. Hoberena klub bat sortzea zela ikusi genuen, tramiteak egiteko erraztasun handiak ematen ditu eta. Horrez gain, formaltasun handiagoa ematen dio", Segurolak azaldu digunez.
"Endurance" kontzeptua txertatu dute kirol klubaren izenean, izan ere, "ingelesez endurance deitzen zaio eta diziplina honi". Erresistentzia esan nahi du. "Distantzia luzeko probak dira. Kasu honetan, promoziokoak direnez, abiadura kontrolatukoak dira, abiadura gutxienekoak eta gehienekoak mugatzen dituzte. Kategoria bakoitzaren arabera, faseen artean, hornidura puntuak daude. Bertan, zaldiei eta zaldizkoei ura edo jatekoa ematen zaie eta fase bakoitzaren amaieran, albaitarien kontrola pasatzen dute.
Bertan, zaldiaren parametro ezberdinak behatzen dituzte; trosta, herrenka dabiltzan edo ez, parametro metabolikoak edota egoera orokorra aztertzen dute. Ondo bada segi egiten du, ordu-erdiko atsedenaldiaren ostean. Ondo ez badago, kaleratua izaten da".
Irteera, une ikusgarrienetako bat
Igandean, irailaren 28an, Usurbilen estreinakoz antolatuko duten Raid-a ikustera gerturatu nahi duenak, une egokiena zein izan daitekeen azaldu digu Andoni Segurolak. Argitu digunez bi txandatan irtengo dira parte hartzaileak.
Goiztiarrenak, 80 kilometroko proban parte hartuko dutenak izango dira. Goizeko 9:00etan abiatuko dira. Hogei minutu geroago abiatuko dira, 60, 40 eta 20 kilometroko probetako lehiakideak. "Ikustera etorri nahi duenak, une politena irteera izaten da. Zaldi gehienak batera ateratzen dira eta hori izaten da ikusteko une politena", nabarmendu du.
Gero, lasterketa zatitzen doala jakinarazi du. Partaideak erritmo ezberdinean ibiltzen dira eta fase bakoitzaren amaierara banaka edo talde murritzagoetan heltzen dira. Ondorioz, "albaitarien kontrola pasatzeko denbora desberdinak izaten dituzte", Segurolak argitu duenez.
Fase arteko trantsizio une horiek ere gertutik ikusteko modukoak direla gaineratu du. "Hornidura puntuak ikusteko politak izaten dira baita, zaldiak urarekin freskatzen dituzten unea edota pultsazioak murrizten diren momentua". Izan ere, gogorarazi digunez, "albaitarien kontrola pasatzeko 64 pultsaziotik behera egon behar dute zaldiek. Hori izaten da lasterketa zatitzen duena askotan".
Segitzeko asmotan
Lehen Raid-a da iganderako, irailaren 28rako antolatu dutena, segida eman asmo diotena etorkizunean. "Aurrera begira, hau ondo ateratzen bada, urtero antolatzen segitzeko asmoa dugu", aurreikusi dute. Hartara, halako proben sare edo mapa horretan kokatu nahi lukete Usurbilgo kirol ekimen berri hau. "Euskal Herri mailan eta inguruetako probintzietan Raid gehiago izateko aukera ematea" dute erronketako bat, baita ere "hau antolatzen gozatzea eta gustura aritzea kirol honetan".
Usurbilgo I. Raid-a
Eguna: irailak 28, igandea.
Ordua: 09:00.
Tokia: Urdaiaga auzoa, 2.
Probak:
• 20 km: 80-133 minutu artean amaitu beharko dute fase bakarra.
• 40 km: 80-133 minutu artean amaitu beharko dute bi faseetako bakoitza. Tartean, 30 minutuko atsedenaldia izango dute.
• 60 km: 80-133 minutu artean amaitu beharko dute hiru faseetako bakoitza. Faseen tartean, ordu-erdiko atsedenaldia izango dute.
• 80 km: 112-200 minutu artean amaitu beharko dituzte lehen bi faseak, azkena 80-133 minutu artean. Fase bakoitzaren amaieran 30 minutuko atsedenaldia izango dute.
Oharra: fase bakoitzaren amaieran albaitariak zaldiari egingo dion behaketan gehienez minutuko 64 pultsazio beharko ditu.
Sariak: kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuentzat "Best condition" saria/oroigarria izango da. Horrez gain, parte hartzaile guztientzako oroigarria eta sari desberdinen zozketa.
Antolatzailea: Andatza Endurance Kirol Kluba.