2026ra begira

Urte berriari Andatza gainean egin diote harrera

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 2a

Ondoko lagun kuadrilla batu da aurtengoan, 2026ari ongi etorria emateko Andatza gaineko babesleku ondoan.

Gautxoriak nahiz goiztiarrenak izaten dira urte berriari ongi etorriak kale giroan ematen lehenak. Andoni DJak girotu zuen frontoia urteko lehen goizaldea, lehen parranda gaua. Handik ordu gutxira esnatu ziren, urteko lehen mendi itzulia egiteko egin nahi zutenak.

Izan ere, azken urteotan gogotik errotu da urte berriari harrera egiteko Andatzara igotzeko ohitura. Aurtengoa ez da salbuespena izan. Hortxe duzue, urtero moduan, albiste honi atxikitako irudiko taldeak helarazi digun argazkia. Andatza gaineko babesleku ondoan ageri dira pozarren, arropa aldetik ondo babestuak. Hotz, hotz handiz esnatu baitzen 2026ko lehen goiza.

Udaberrian hurrengo txangoak
Urtarrilaren 1eko irteeraren ondotik, beste bi gutxienez, egingo dira estreinatu berri dugun urte honetan. Haietako bat, 2026a abiarazteko hautatutako toki berera, Andatza gainera izango da, maiatzeko lehen igandean, maiatzaren 3an izango da datorren Andatza Eguna.

Lehenago berrituko dute, bestalde, hamarkada luzez bizirik mantentzea lortu duten ohitura; Usurbildik Arantzazura oinez joatekoa alegia. Aurten ere ibilaldi hau egitekoak dira, ohi bezala, udaberriko oporretan, apirilaren 2an. Ordu aldaketa bat izango du datorren edizioak. Izan ere, beti egin izan ohi duten moduan, goizaldeko 5:00etan abiatu beharrean 4:00etan abiatzeko hitzordua jarri dute. Hurrengo asteotan, xehetasun gehiago.