Aurreko egunotako eguraldi iragarpena bestelakoa izan arren, azkenean, Andatza Egun eguzkitsua bizi izan dugu igande honetan, maiatzaren 3an. Eguraldia lagun, topaketa jendetsua izan da beste urte batez, babesleku inguruan. Jan-edanak nahiz musikak giroturiko goiz pasa horrekin bat egin dute belaunaldi askotako herrikideek; gazteek, familiek, lagun kuadrillek... Egonaldi ederra egin dute bertan, nahiz handik tontorrera igotakoek.
Goizetik mugimendua izan da Andatzara bidean. Joan-etorrian ikusi ditugu elkar gurutzatu diren herritarrak mendiko bide ezberdinetatik gora eta behera.
Andatza Eguneko antolatzaileak ere gustura ikusi eta entzun ditugu. Taldetik aditzera eman digutenez, pozik ziren bestelako eguraldi iragarpena izan arren, aurreikusi baino jendetsuagoa izan delako aurtengo edizioa. Eskertza mezua helarazi nahi izan diete Andatzara igotako guztiei.