Andatza Eguna

Kilometroak jaialdiaren 50. urtemugarekin bat egin dute Andatzara igotakoek

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 3a

"50 jai, 50 tontor" ekimenarekin bat eginez herri argazkia atera dute igande honetako, maiatzaren 3ko Andatza Egunera igotakoek. Izan ere, mende erdia bete du urriaren 4an abiapuntura itzuli eta Lazkaon ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiak. Mende erdia oroitzeko herri argazkia izan da beraz, babesleku parean gaur atera dutena.


50. ediziora helduko da urriaren 4an Lazkaon ospatuko den Kilometroak jaialdia. Mende erdi honetan, ordea, hamaika udalerrietan ospatu da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia; besteak beste, gogoan izango duzuen moduan 2015ean, "Gattunk" aldarripean Usurbilen egin zen.

Bigarrenez ospatu zen gure inguruan. Izan ere, mende erdiko ibilbide hau Beasainen eta Lazkaon hasi zuten, 1977. urtean. Bigarren edizioa, ordea, 1978ko urriaren 1ean Zubietan ospatu zuten Donostiako ikastolek, "ibilian dabil bildurik euskalduna, eraso guztietan gaindik euskarari" aldarripean.

50 urteotako Kilometroak jaialdiaren historiaren baitan dira honenbestez, Usurbil eta Zubieta. Mende erdira heldu den ekimenaren harira, "50 jai, 50 tontor" ekimena antolatu dute; izenak dioen moduan, erronka modukoa da. Kilometroak edizio adina herri argazki biltzea Gipuzkoako mendi tontorretan. Usurbilgoa, albiste honi atxikia doakizue. Igande honetako, maiatzaren 3ko Andatza Egunean atera dute.

Deialdia, Zirimara egitasmotik egin dute asteotan. Familia-plana antolatua zuten aurreko urteen antzera, aurtengo Andatza Egun honetan ere deialdiarekin bat egin nahi zuen familia ororentzat. Elkarrekin egin dute tontorrerainoko bidea hitzorduan parte hartu dutenek. Amaieran, babesleku ondoan, "ikastolek urtero antolatzen duten Kilometroak festaren 50. urteurrena dela eta, 50 urte 50 tontor ekimenarekin" bat egiteko herri argazkian ateratzeko gonbita egin dute.

Mendimetroak
Kilometroak egitasmoaren eskaintzaren baitan, 2017an Oñatiko Txantxiku ikastolak sortu zuen Mendimetroak ekimenari lotutakoa da gaurko herri argazkia ateratzeko deialdia. Gipuzkoako ikastolek mendi irteera bat antolatu eta txango horren argazki bat ateratzean oinarritzen da. Besteak beste, belaunaldi gazteenaren artean, mendizaletasuna sustatzea du helburu ekimen horrek. Udarregi ikastolak parte hartu izan du aurten, baina baita aldez aurretik ere, ekimen horretan.

Bukle artean
"Ibilian-ibilian, buelta!" aldarripean ospatuko da urriaren 4ko 50. Kilometroak Lazkaon. Abiapuntura itzuliko da jaialdi hau. Izan ere, lehen edizioa, 1977kia Beasain eta Lazkao herrien artean sortu zuten. "Kilometroak jaiaren ibilbide luzea 1977an Lazkaon hasi zen eta 2026an Lazkaora itzuliko da berriz ere. Ibilian-ibilian, inoiz huts egin gabe, bukle handi bat itxiko dugu, baina honen itxidurak ez du inolaz ere amaiera bat adierazten, alderantziz baizik; beste buelta, beste bukle baten hasieran gaude", antolatzaileen esanetan.

50 urteotako Kilometroak guztiak oroitzen dituen albiste honi atxikitako bideoa plazaratu dute. Jaialdi honen historian gordeak daude, 1978ko Zubietako edizioa baita 2015ean Usurbilen eginikoa ere. Hainbat ekimen antolatu dituzte, oroimen kutsu handiko edizio borobil honen harira. Kilometroakbidea.eus atarian ikusgai dituzue edizio horietako guztietako irudi eta xehetasunak; tartean inguruotan egindakoak.

Informazio gehiago, kilometroak.eus ataria jaso dezakezue.