Zubietako jaiak agurtu aurretik helduko da festa giroa Urdaiaga aldera; aurtengoan, oilasko biltzaileen eskutik. Datozen Xanistebanak uztailaren 31tik abuztuaren 3ra ospatuko dituzte. Hilaren 3a izan ohi da jaiegun nagusia, oraingoan, astelehenez egokituko dena. Ondorioz, iazko egitarauarekin alderatuta, hainbat ekimen egunez aldatu eta zenbait berrikuntza txertatu dituzte.
Horietako bat, aipatu moduan, oilasko biltzaileena izango da. Horrekin batera, Umeen Eguna igandean ospatuko dute aurten. Jolasak, tailerrak edota Usurbilgo Lauburu Erraldoi eta Buruhandien itzulera antolatu dute.
Hitzordu aldaketak
Biharamuna, abuztuaren 3a izango da, Urdaiagako jaietako festa egun nagusia; San Esteban Eguna, ohiko hitzorduekin biziko dutena goiz partean, jan-edanarekin eta Orbeldikoen emanaldiarekin. Arratsalde partean, aurreko urteetan auzotarren arteko jolasak egin izan dira, baina egunez aldatu dituzte.
Aurten, jaietako azken arratsalderako herritarren arteko herri kirol lehia antolatu dute. Auzotarren arteko jolasak, aldiz, abuztuaren lehenean baina goiz partean jokatuko dira, hitzordu berri baten ostean hain zuzen. Izan ere, sega apustua programatu dute, bertsoz girotuko dutena. Lehiak bazkalostean segiko du musarekin.
Hitzordu gastronomikoek eta gau musikatuek osatuko dute aurtengo Urdaiagako jaietako eskaintza. Jai batzordetik iragarri dutenez, aurreko urteen antzera, auzotarrak elkartuko dituzten bi otordu antolatu dituzte, baina egun desberdinetan; herri afaria abuztuaren lehenean eta biharamunean, bertso-afaria. Bertso-afaritarako txartelak aurrez eskuratu ahalko dira Artzabalen.
Bi iluntze musikatu izango dituzte, azkenik, aurtengo Urdaiagako jaiek. Gaupasa egiteko aukera eskainiko du abuztuaren lehen gauak, bigarrenean erromeria giroa nagusituko da:
Urdaiagako jaiak
Uztailak 31, ostirala: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen gosaria plazan.
07:00 Oilasko biltzaileen abiatzea.
14:00 Oilasko biltzaileen bazkaria.
Abuztuak 1, larunbata
11:00 Sega apustua bertsoz girotua.
Jarraian, helduen jolasak.
16:00 Mus txapelketa. Izen-ematea, 15:30-16:00 artean:
-1. saria: marisko erretilu bana, txapela eta botila txanpain bana.
-2. saria: urdaiazpiko paleta eta kopa bana.
-3. saria: kiloko txuleta bana.
-4. saria: txorizo eta gazta bana.
Ondoren, buruhandiak.
19:30 Paella lehiaketa Anuk eta Elenek girotua.
21:30 Herri afaria norberak berea eramanda. Jai batzordearen esku, edaria eta postrea.
23:30 Kontzertu gaua: Gorroto Bala, Txiskeroak, Ganibet.
Jarraian, atzeko barran DJ Bline Bline.
Abuztuak 2, igandea: Umeen Eguna
10:30 Umeen jolasak: aldatzeko arropa ekarri.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria, norbeak berea.
16:00 Umeentzako tailerrak.
18:00 Buruhandi eta erraldoiak Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Intxausti eta Larrañagarekin erromeria.
21:00 Bertso afaria. Txartelak salgai Artzabalen 15 eurotan.
23:00 Ostolaza eta Larrañagarekin, erromeriaren jarraipena.
Abuztuak 3, astelehena: San Esteban Eguna
11:00 Meza.
11:45 Dantzariak.
Ondoren, patxintxi eta ardo-goxo banaketa.
Jarraian, buruhandiak.
18:00 Herritarren arteko herri kirolak.
Antolatzailea: San Estebango jai batzordea.