Urdaiagako jaiak

Sega desafio bizia, Urdaiagako festen hasieran

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 1a

Imanol Iribar eta Jon Uribarrena sega desafioan lehiatu dira larunbat honetan, abuztuaren lehenan, Urdaiagako jaien baitan.

Ezohiko moduan hasi dituzte aurtengo jaiak Urdaiagan; uztaila agurtu baino lehen atzo, oilasko biltzaileen eskutik. Etxez etxe eginiko biraren biharamun honetan, San Estebango plazatik Andatzara igotzen hasteko bidean den zelaian ospatu dute bigarren ekintza. Sega txapelketa jokatu da bertan. 

Aurrez aurre lehiatu dira, auzokide bat eta zubietar gazte bana; Imanol Iribar eta Jon Uribarrena, hurrenez hurren. Goizeko 11:00ak pasatxoan hasitako erronkan, ordu-erdiz nork belar gehiago moztu, horixe izan da lehiarako aitzakia.

Gogotik saiatu dira bi lehiakideak, onena eman dute, irudiotan ikusi ahalko duzuen moduan. Suziri batek hasi eta amaitarazi duen probaren baitan, 116 kilo belar ebaki ditu Iribarrek eta 198 kilo Uribarrenak. Uribarrena gailendu da honenbestez, txapelketan.

Gogoan izan, bi eguneko tartean, bigarren aldiz lehiatu da Uribarrena. Izan ere, herenegun, Zubietako Herri Jaien azken txanpan Xabat Zuriarrainekin lehiatu zen. Orduko hartan, Zuriarrain nagusitu zen.