Urdaiagako jaiak

Gaztetxoenak jaien nagusi San Estebango plazan

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 2a

Umeen Eguna ospatzen ari dira goizaz geroztik, Urdaiagako jaien igande honetan.

Gaztetxoenak nagusi igande honetan, abuztuaren 2an, Urdaiagako jaietan. Umeen Eguna ospatzen ari dira goizaz geroztik.

Gaztetxoenak jabetu dira San Estebango plazaz eta jaiez. Jai batzordeak proposaturiko jolasekin ekin diote goiz parteari, marrazten aritu ostean. Aulki jokoan, arrautzak goilara batekin garraiatzen, globoak lehertzen, arrautz jaurtiketan edota txirrista bustian maldan behera jausten ezinhobeto igaro dute bazkalaurreko tartea.

Lagunarte giro ederrean joan zaie goiza, San Estebango plazara joandako HH, LH eta DBH zikloetan ikasten ari diren haur eta gaztetxoei.

Buruhandiek eragindako lasterketa biziarekin borobildu dute Umeen Egun honetako goiz parteko dinamika eta gozoki zaparrada artean. Izan ere, ekintza horietan parte hartzea saritu nahi izan du jai batzordeak. Oholtzatik plazan zirenengana gozoki zaparrada bota dute. Gogotsu ahalegindu dira bertan zirenak, ahal zutena poltsikoratzen.