Urdaiagako jaiak

Erromeriak dantza gogo bizia piztu du San Estebango plazan

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 3a

Gorputza gogotik mugiarazi dute Urdaiagako jaien baitan, igande honetan, abuztuaren 2an ospaturiko erromerian.

San Estebango plaza erromeriari eskainitakoa izan da igande arratsalde honetan, abuztuaren 2an. Umeen Eguneko ospakizunak amaitu berritan ekin diote gauean barneratu arte luzaturiko trikiti doinuen erritmoaren araberako dantza saio luzeari.

Ohi den moduan, hasieran, dantzariak baino ikus-entzule gehiago egon arren, pixkanaka hasi dira erromeria zaletuak plaza hartzen. Talde txikiagoan aritu dira dantzan hasieran. Gerora, jende gehiago batu da, borobil ederra osatu dute.

Erromeria giroa gogotik pizten jardundakoak oholtzatik, Intxausti eta Larrañaga izan dira. Erritmo ezberdinetako kantekin bertso-afarira arteko tartea dantzan bizi izan dute San Estebango plazara joandakoek.