Urdaiagako jaiak

Lauburu konpartsak jai giroa mugiarazi du Urdaiagan barrena

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 3a

Bigarren urtez jarraian, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak bira ederra egin du Urdaiagan barrena.

Urdaiagako jaietako ekitaldi ia denak San Estebango plazan egiten dituzte. Badira, ordea, eremu hori gainditzen duten hitzorduak. Aurten, ohi baino gehiago gainera. Izan ere, gogoan izan, aurtengoan aurreko edizioetan baino lehenago murgildu dela auzoa ospakizun giroan; uztailaren 31n, oilasko biltzaileen eskutik. Biharamunean, Andatzara igotzeko bide hasierako zelaian, sega erronka ederra antolatu zuten.

Igande honetako, abuztuaren 2ko Umeen Egunean ere izan da plazatik kanpo egin duten ekintzarik. Eguna bera borobiltzeko, auzoa inguratu du Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak. Arratsaldeko 18:00etan jaurtitako suziriarekin ekin diote plazatik auzo inguruko kaleetan barrera eginiko birari.

Dultzaineroak bidelagun izandako kalejiraren buruzagi izan dira Ixabel zein Ixidro erraldoiak. Gogotik mugi dute gerri-buelta ibilbide osoan zehar. Bai kalejiran zirela baita eginiko geltokietan ere, dantza erakustaldi bikainak eskaini dizkiete hitzorduarekin bat egin duten zaletuei. Izan ere, jende ilara abiatu da konpartsakoen atzetik, haur eta gurasoak nagusiki.

Buruhandiak aspaldidanik jaietako ezinbesteko parte hartzaileak izan arren, konpartsa gisa bigarren urtez segidan parte hartu du Lauburuk Urdaiaga aldeko festetan, iaz kaleraturiko kareta berriekin. Bertan izan dira basurdea, Aginagako Mapileko arotza eta bertako erriberako angularia, aharia, oilarra eta Andatza aldetik heldutako emakumezko errotaria. Lasterketa bizi bat baino gehiago eragin dute.

Udalarekin iaz izenpeturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, Usurbilgo jaietan soilik ez, udalerri honetako auzo eta herrietako jaietan ere desfilatzeko konpromisoa hartu zuen Lauburuk. Aipatu moduan, iaz estreinakoz Kalezar, Zubieta, Urdaiaga, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako jaietan bira ederra egin zuten. Deialdi jendetsuak izan ziren eta tokian tokiko jai giroa sustatzen, ekarpen nabarmena egin zuten.

Beste hainbeste ari da gertatzen bigarrenez, aurtengoan ere. Urdaiagako kalejira izan da horren adibide argia. Atxegaldeko, Santueneako eta Aginagako jaietan ikusiko ditugu berriz Ixabel eta Ixidro erraldoiak, baita aipatu sei buruhandiak ere.