Urdaiagako jaiak

Astelehenik ez Urdaiagan, dantzarako gogo biziz plazaratu da Orbeldiren belaunaldi gazteena

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 3a

Orbeldik girotu du San Esteban egun honetako eguerdi partea Urdaiagako jaietan. Belaunaldi gazteena gogotsu aritu da dantzan abuztuaren 3a auzo horretara ospatzera joandakoen aurrean.

Astelehena izan arren, ajerako tarte handirik ez Urdaiaga aldean. Ostiralean hasitako festak borobiltzeko azken eguna dute gaurkoa; jaiegun nagusia, gainera, abuztuaren 3 hau, San Esteban eguna baita.

Jai batzordeak zerbitzaturiko hamaiketako ederra dastatu ostean, Orbeldiren belaunaldi gazteena plazaratu da eguerdi partean. Astelehen honetan ere Urdaiagan jai izaten segitzen dutela argi utzi dute. Gogotsu hartu dute plaza. Erakustaldi bikaina eskaini dute.

Udako biraren amaiera
Gogoan izan, ekainean borobildu zuten 2025-26 ikasturtea, baina sasoi hori agurtu orduko barneratu ziren uda garaiko hitzorduetan. Izan ere, Orbeldiren belaunaldi gazteenak udalerri honetako hainbat festa girotzen ditu urtero; Kalezarkoak ekainean, Usurbilgoak uztaila hasieran nahiz egunotako Urdaiagakoak estreinatu berri dugun abuztuan.

Gaurkoa, beraz, urtean zehar eginiko lanketaren erakusleiho ederra izan ohi den udako bira horretako azken emanaldia eskaini du Orbeldik. Irailean ekingo diote ikasturte berriari.