Zaldiak joan-etorrian, Urdaiagan gora eta behera ikusi genituen iazko irailaren 28an. Estreinakoz Usurbilgo Lehen Raid-a jokatu zen bertan. 20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan jokatu zen ekimena. Multzoka abiatu ziren lehiakideak 9:00etatik aurrera Andatzara bidean, prestaketak bideratu eta antolatzaileen argibideak jaso ostean.
Antzeko irudia errepikatuko da aurtengoan ere; Usurbilgo Bigarren Raid-a jokatuko da eta, datorren urriaren 11n. Iazko kategorietan neurtuko dira lehiakideak.
Erresistentzia proba
Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapak edo faseak osatu behar izaten dituzte parte hartzaileek. "Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.
Diziplina honek "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jartzen du jokoan.
Estreinaldi bikoitza izan zuen iazko Raid honek. Udalerri hau halako proben mapan kokatu zuen ekimen berriak eta hau antolatzeko bilgune berri bat sortu zuten; Andatza Endurance Kirol Kluba izenekoa.
"Endurance" kontzeptuak, euskaraz erresistentzia esan nahi du. Aipatu moduan, zaldien nahiz zaldizkoen erresistentzia jarri zuen proban duela urtebete estreinakoz eginiko hitzorduak.