Ohi baino lehenago hasi ziren aurtengo Urdaiagako jaiak; uztailaren 31n, auzoan barrena biran ibilitako oilasko biltzaile gazteen eskutik. Abuztuaren 3ra arte, festa giro betean izan zuten auzoa, hitzordu berriekin.
Izan ere, jai batzordeak hainbat aldaketa txertatu ditu aurtengo egitarauan. Ohiko San Esteban eliza aurreko plazatik kanpo, gertuko zelai batean, bi gazteen arteko sega desafioa jokatu zen. Bestalde, Anukek eta Elenek giroturiko paella lehiaketa eta jana antolatu zuten estreinakoz. Lehiarako tarte gehiago izan zen mus txapelketari edota auzokide nahiz herrikideen arteko herri kirolen erakustaldi ikusgarriari esker.
Tartean, egun oso bat izan zuen belaunaldi gazteenak jolastu, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eginiko kalejiran parte hartu edota tailerretan hainbat sorkuntza lanetan murgiltzeko. Belaunaldi gazteenak girotu zuen baita abuztuaren 3ko San Esteban eguna, Orbeldi dantza taldeko gaztetxoek hain zuzen.
Arratsalde eta gau partean, erromeria eta musika gauak nagusitu ziren goizaldera arte.
Uztailaren 31tik abuztuaren 3ra Urdaiagan bizitakoa, esteka honetako irudiotan bildu genuen: https://noaua.eus/bereziak/urdaiagako-jaiak-2026