Usurbilgo bigarren Raid-aren eguna, araudia eta kartela prest

Noaua Aldizkaria

Andatza Endurance Kirol Klubak antolaturiko ekimenaren bigarren edizioa urriaren 10erako dago iragarria Urdaiagan. Egunaz gain, araudia eta kartela ere prest dute.

Iaz, estreinakoz antolaturiko edizioari segida emango diote urriaren 10ean Urdaiagan. Zaldien joan-etorriek hartuko dute ingurua. Izan ere, Usurbilgo 2. Raida antolatu du Andatza Endurance Kirol Klubak. Iaz bezala, 20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan jokatuko da ekimena. Pottoken sari berezia izango da.  Izan ere, 5 eta 10 kilometroko modalitateetan egingo da ekimena. Antolatzaileen araudian irakur daitekeenez, maila bakoitzean soilik hiru gipuzkoar edo gehiago badaude Gipuzkoako txapelketa ere jokatuko da.

Inspekzioak urriko bigarren larunbat horretako goizeko 8:00etan hasiko dituzte. Goizeko 9:00etan hasiko dira irteerak. Ordu horretan CEA 0* mailakoak irtengo dira, 10:00etan CEAP 60 kilometroko modalitatekoak eta 10:30etan CEAP 40 kilometrotakoak.

Irteerak taldeka eta maila bideratuko dituzte antolatzaileek hilaren 10ean. Bidean, "mendiko pistak, lurrezko bideak, hartxintxarrak, asfaltozko zatiak" izango dituzte. "Bihotz-taupaden gehienezko muga minutuko 64 taupada da", antolatzaileen araudiaren arabera.

Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuak eta "best condition"-a sarituko ditu antolakuntzak. Horrez gain, pottoken nahiz Gipuzkoako txapelketako podiuma ere osatu asmo dute. Zaldi gehien ekartzen dituena ere saritu nahi dute. Horrez gain, parte hartzaile guztientzako oroigarria eta sari desberdinen zozketa izango da.

Ekimena, iazko toki berean, Urdaiagan jokatuko da, Irabibidean. Santuenea aldetik igoz giro, lehen bidegurutzean.


Erresistentzia proba
Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapak edo faseak osatu behar izaten dituzte parte hartzaileek. "Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.

Diziplina honek "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jartzen du jokoan.

Estreinaldi bikoitza izan zuen iazko Raid honek. Udalerri hau halako proben mapan kokatu zuen ekimen berriak eta hau antolatzeko bilgune berri bat sortu zuten; Andatza Endurance Kirol Kluba izenekoa.

"Endurance" kontzeptuak, euskaraz erresistentzia esan nahi du. Aipatu moduan, zaldien nahiz zaldizkoen erresistentzia jarri zuen proban duela urtebete estreinakoz eginiko hitzorduak.