"Lasterketa hasi aurretik albaitariaren kontrola igaro behar da"

Noaua Aldizkaria

Bigarren urtez, Usurbilgo Raida ospatuko da larunbatean. Jardueraren nondik norakoez eta antolatzeak dakarrenaz aritu gara antolatzaileak diren Andoni Segurola eta Gorka Arrillagarekin.

Zertan datza Raida?

Andoni Segurola (A.S.): Erresistentziako lasterketak dira zeinetan zaldiaren eta zaldizkoaren erresistentzia proban jartzen den. Faseetan banatzen dira. Motzena 40 kilometrokoa da eta luzeena 160 kilometrokoa izaten da. Lasterketa hasi aurretik, albaitariaren kontrol bat pasatzen da, fase bat egitean berriro ere albaitariaren kontrola pasatzen da eta zaldia ez badago baldintza onetan eliminatu egiten da. Kontrola gaindituz gero, deskantsatu egiten du eta gero hurrengo fasera ateratzen da. Azkeneko fasearen ondoren, berriro albaitariaren kontrola dago, eta nahiz eta lehenengo iritsi, ez du irabazten. Zaldiaren ongizatea kirolaren ardatza da.

Gorka Arrillaga (G.A.): Zaldia lasterketa hasieran, lasterketan zehar eta lasterketa amaitzean albaitariak begiratzen duen diziplina bakarra da. Albaitariak zaldia ez badu ikusten jarraitzeko moduan eliminatu egiten du, eta ez dizu jarraitzen uzten.

Zer da faseak egitea?

G.A.: Faseak normalean 20 eta 40 kilometrokoak izaten dira. Zaldiak bost urteak bete arte ezin dute diziplina horretan parte hartu, eta bost urte betetzean, derrigorrez 40 kilometroko lasterketa batetik hasi behar dute. Adibidez, 40 kilometrokoak hogeiko bi fasek osatzen dute.

A.S.: Fase tarteetan asistentzia puntuak egoten dira, eta bertara joaten dira zure laguntzaileak zaldiari ura botatzeko, edo edaten emateko.

G.A.: Ibilbidean zehar daude puntu horiek. Antolatzaileok puntu batzuk antolatzen ditugu non jendea autoz iritsi daitekeen, eta zaldiak bertatik pasatzen dira. Puntu horietan zaldiak ahalik eta azkarren errekuperatzea bilatzen da. Izan ere, albaitariaren kontrol horietan beste gauza batzuen artean, zaldiaren pultsazioak aztertzen dira, eta kontrolean hamabost minutu dauzkazu zaldia 64 pultsazio edo gutxiagora jaisteko.

Ibilbideari dagokionez, nola antolatzen da?

A.S.: 40 kilometroko raida 20 kilometroko zirkuituari bi buelta ematea izango litzateke, 60koa aurten bi faseetan egin dugu eta 30 kilometroko ibilbidea izango da; eta 80koa hiru faseetan, lehenengo biak 30eko zirkuituan eta hirugarrena 20koan.

Eta ibilbidea nondik nora da?

G.A.: Gurea Andatzan da. 30 kilometroko fasea gorria da, orduan guk raidaren aurretik ibilbidea markatu behar dugu. Beraz, 80 kilometrokoa egin behar duenak, badaki lehen bi faseetan gorria jarraitu behar duela, baina hirugarrenean beste kolore bat jarraitu behar duela, urdina edo dena delakoa.

Zeini dago bideratua raida, helduei ala umeei?

A.S.: Hori da kirol honen eragozpena, eta ematen ari dena. 10-12 urte bitarteko umeentzat kilometro asko dira bakarrik mendian, eta zaila da horrela hastea. Federazioarekin lankidetzan ari gara poneyekin eta umeei bideratuta umeak kirol honetan sar daitezen, eta pixkanaka-pixkanaka zaldiketan diziplina hau ere badagoela, eta edozeinentzako irekia dela zabaltzen. Gero, edozeinentzako da irekia: zaldiak, mendia eta natura gustatzen zaion edozeinentzako da irekia.

G.A.: Kirol honetan, hamalau urteko bat 65 urte dituen baten kontra lehiatzen ikus dezakezu. Behin hasten zarenean ez dago adinaren araberako kategoriarik, raidak kilometroka banatzen dira. Espezifiko batzuk badaude juniorrak izan daitezkeenak.

Sailkapenari dagokionez, azkarren egiten duena hartzen da kontuan?

A.S.: 40tik 80rako raidak igoera fase baten gisa hartzen dira. Horietan parte hartu behar da sailkapen nobela edukitzeko. Horretarako, 40 kilometroko bat, 60ko bat eta 80ko bi lasterketetan parte hartu behar du. Behin horiek eginda, 100 kilometroko bi eta 120ko bi egiteko aukera dute 160 kilometrokora iritsi ahal izateko. 100 kilometrokotik aurrera, abiadura librea dago, gutxienekoa dago baina ez gehiengorik. 100etik beherakoetan gutxieneko eta gehieneko abiadura duzu, eta orduan, tarte horretan sartu behar duzu. Horietan bada azkarrena, baina zaldiak baldintza onetan bukatu behar du. Kirola zaila da lurrean dagoen harri bat aurkaria izan daitekeelako. Igoerako lasterketetan ez dago lehiakortasun askorik, 100 kilometrokoetatik aurrera lehiakortasun gehiago dago.

G.A.: Lasterketa bat da, baina hainbeste faktore daude zailtzen dituztenak lasterketa bat bukatzea lasterketa batera joatea eta azkena gelditzea, baina, behintzat, zaldia ondo bukatu baina ez badizute kanporatu, oso pozik itzultzen zara etxera. Lasterketa batean parte hartzea eta lasterketa hori amaitzea oso garrantzitsua da. Lasterketa batean bi lasterketa daudela ikusten da: 100 kilometrotik aurrera lasterketa irabaztera doazenak; eta beste batzuk, mantsoago egin eta helburua bukatzea dutenak. Ideia bat egiteko, duela gutxi egon den zaldi gazteen mundialean ehun zaldi atera ziren eta erdiak bakarrik bukatu zuen, beste guztiak kanporatuak izan ziren. Horrekin ikusten da ez dela erraza lasterketa bat bukatzea.

Eta zeintzuk dira Usurbilgo lasterketan dauden distantziak?

A.S.: Guk hemen bakarrik igoera fase horiek egiten ditugu. Hemen 160 kilometroko bat ezin da egin, mendiak ez du ematen.

G.A.: Hemengo mendietan oso zaila da distantzia luzeak egitea.