Bigarren urtez jarraian, zaldizko eta zaldien elkargunea izan da Urdaiaga larunbat honetan, urriaren 10ean; zehazkiago esanda, Berraiartzagoiena etxe inguruko eremua hain zuzen. Bertatik nahiz urrunagotik heldutakoekin Usurbilgo 2. Raid-a jokatu dute. Goizeko 9:00etan hasita, multzoka, distantzia ezberdinetako probetan parte hartu dutenak auzoan gora abiatu dira; 20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan parte hartzera zihoazenak hain zuzen.
Denak aurrez antolatzaileekin bildu, argibideak jaso, prestaketa saioak bideratu dituzte. Adin tarte, belaunaldi ezberdinetako parte hartzaileak bildu ditu Andatza Endurance Kirol Klubak antolaturiko hitzorduak.
Deitzaileek aurrez araudi bidez iragarri moduan, "mendiko pistak, lurrezko bideak, hartxintxarrak, asfaltozko zatiak" izan dituzte ibilbidean zehar.
Goizak aurrera egin ahala, hainbat ikus-entzule joan dira gerturatzen proba lekura. Ekimenaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da bigarren urtez jarraian. Antolakuntzan soilik ez, parte hartzaileen artean ere izan da herri ordezkaririk.
Erresistentzia proba
Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapak edo faseak osatu behar izaten dituzte parte hartzaileek. "Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.
Diziplina honek "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jartzen du jokoan.
Estreinaldi bikoitza izan zuen iazko Raid honek. Udalerri hau halako proben mapan kokatu zuen ekimen berriak eta hau antolatzeko bilgune berri bat sortu zuten; Andatza Endurance Kirol Kluba izenekoa.
"Endurance" kontzeptuak, euskaraz erresistentzia esan nahi du. Aipatu moduan, zaldien nahiz zaldizkoen erresistentzia jarri zuen proban duela urtebete estreinakoz eginiko hitzorduak.