Lan uzteetan, Usurbil eta Lasarteko Correoseko langileak

Noaua Aldizkaria 2001ko aza. 30a, 01:00

Mobilizazioak:

-Lan uztea asteartero, 9:30-9:50 artean.

-Manifestazioa asteazkenero Lasarten, azokaraino.

Bost urteetan, Gipuzkoan 14.000 lanpostu suntsitu dituztela salatu dute, Correosen ordezkaritza duten CCOO, UGT, ESK, LAB eta ELA sindikatuek. Eta murriztu diren lanpostuak, ez dituela kontratazioekin bete. Banaketarako bi sekzio kendu dituztela diote, "ematen den zerbitzuaren kalitatea nabarmenki narriatu egin delarik, eta praktikan, korrespondentziaren eguneroko banaketa eragotziz". Herritarrek korrespondentzia bost egunetan jasotzeko duten eskubidea urratzen ari direla salatzen dute. "Correosek ez ditu posta-zerbitzu publikoaren emaile bezala dituen betekizun legalak betetzen. Korrespondentzia ziurtatua eta paketeriaren gehitzea, eta aipaturiko murrizketa direla bide, Lasarte-Usurbilgo Correoseko langile-kopurua eskasa suertatzen da gure herrietako beharrei behar bezala erantzuteko", sindikatuen esanetan.

Egoera honen aurrean, behar den langile kopurua mantendu eta herritarrek egunero, behar bezalako kalitatezko posta zerbitzua izatea eskatzen dute. "Zerbitzu publiko on baten alde" eta lanpostu suntsiketaren aurka mobilizatu ziren ostiralean Lasarte-Usurbilgo Correoseko langileak, Lasarteko lantoki atarian.