Usurbil oinezkoena, #Kilometroak15 egunez

Noaua Aldizkaria 2001ko aza. 30a, 01:00

Bertatik nahiz kanpotik etorriko diren milaka oinezkoren herria izango da Usurbil urriaren 4ean. Udalerria itxita egongo da autoentzat #Kilometroak15 egunez, baimendutako ibilgailuak soilik ibili ahalko dira kalean gora eta behera. Zirkuituak zeharkatuko dituen kale inguruetako ibilgailuak bertatik atera beharko dira eta  Kasuotan, Udaltzaingoa jada etxe atarietan urriaren 4ari begirako oharrak jartzen hasia da. Hainbat kale ibilgailuz hustu beharko baita urriko lehen iganderako. Erabakiak eragina duen zonaldeetan, esan bezala, etxe atarietan ikusiko duzue oharra.

"Igande horretan baimendu gabeko ibilgailuek ezin izango dute kaleetan zehar ibili eta larrialdiren bat ematen bada gurekin harremanetan jarri beharko duzue", ohartarazten dute Udaltzaingotik. Haien telefono zenbakia: 943 361 112.

Batzuk autoz gerturatuko dira, besteak autobusez, trenez, oinez, bizikleta gainean... Eta guztiak egoki bideratu beharko dira aparkaleku edota festa gunera, kolapsoak saihesteko. Joan etorrietarako azpiegitura sarea osatzen ari da #Kilometroak15 ekimenaren baitan, trafiko kontuez arduratzen ari den lan taldea. “Ibilgailuak aparkalekuetara bideratzeaz, aparkalekuez, jendearen joan etorriez, bide itxierez”, eta abar.

Bizikleta zaletuak Santuenetik

Herri txikia izanda, dauden azpiegituretara moldatu beharra izan dute. Usurbil inguratzen duten merkatalgune eta industriaguneak baliatuko dituzte nagusiki, Kilometroetara datozen autobus eta autoen aparkaleku gisa. Usurbila etorri eta hemendik joateko puntu garrantzisuenetariko bat, Zumartegi industriagunea izango da. Tren geltokiaz gain, bertan aparkatuko baitute autobusek. Eta garraio zerbitzuotatik datozenek, Atxega jauregi aurreko belardia zeharkatu eta Atxegako zubia zeharkatu beharko dute, San Inazio auzotik gora zirkuituan sartzeko.

Donostiako bidegorritik etor daitezkeen oinezko zein bizikleta zaleentzako sarbidea koktatuko dute baita, Santuenean. Bidea moztuta egongo da ibilgailuentzat, Zubietako Eskola Txikiaren parean. Eta hortik aurrera, Santueneraino oinezko eta bizikleta zaleak joan eta etorri ahalko dira. Santuenean bizikleta uzteko gordailua jarriko dute gainera.

N-634 errepideko trafikoan murrizketa

Beste ohar garrantzitsua. N-634 errepideko joan etorria murriztuko dute. Autobusentzat edo antolatzaileentzat irekiko da. “Liteekeena da zenbait pertsonek lan egin eta bide horretatik igaro beharra izatea. Lasai egon daitezela, aurrez kudeatuko dugu hori. Baimenak emango zaizkie”, ohartarazi dute trafiko batzordetik.

Kanpotik etorriko direnei, urtero egiten den gomendioa luzatzen dute taldetik, garraio publikoa erabiltzekoa. Herritarrei berriz, udalerri barruan zirkuitua igaroko den kaleen bueltan eta beste zenbait eremutan, urriaren 4an ezingo dira autoak kalean aparkatuta utzi. “Jakinaraziko dugu ze kale erabiliko ditugun”, ohartarazi dute trafiko batzordetik. Kasuotan, autoa mugitu beharra duzuenontzat, aparkaleku bat egokituko da Atallun. Kilometroak eguna pasa arte, ezingo da autoa bertatik mugitu.

Zumartegi, gune nagusia

-Ibilgailuen aparkalekuak: Urbil (Donostiatik G-20tik datozenentzat), Belartza (N-1 errepidetik datozenentzat) eta Aritzeta (A-8tik datozenentzat).

-Autobus “lanzaderak” aparkalekuetatik Zumartegi industriagunera.

-Autobusen aparkalekua: Zumartegi industriagunea.

-Autokarabanen aparkalekuak: Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte azpian, Urdaiagan, Harane eta Araetako aparkalekuetan.

-N-634 errepidearen trafikoa murriztuko dute, Belartzako errotondatik Orioko Txanka pareraino. Errepidea irekita soilik: autobusentzat, larrialdi zerbitzuentzat, edo premia duten herritarrentzat.

-Udalerrirako sarrerak itxita ibilgailuentzat. Zubietan ere Eskola Txiki parean itxiko da sarrera ibilgailuentzat. Hortik Santuenera bidera irekita oinezko eta bizikleta erabiltzaileentzat.

-Udalerri barruan: zirkuitua igaroko den kaleetan ezingo da autoa aparkatuta utzi ezta mugitu ere.

“Herriko jendea behar dugu”

Aparkalekuetan, trafikoa bideratzeko... Gune guztiotarako arduradun taldea osatu du trafiko batzordeak. Baina arduradun bakoitzak, boluntario taldea falta du. Laguntzaileak behar dituzte eta herrikoak behar dute izan, herria eta herritarrak ezagutuko dituztenak. Hilabete hauetan batzordean izena eman dutenekin eta urriaren 4an laguntzera animatzen zareten guztiokin biltzeko, aurkezpen ekitaldia deitu dute:

Ekainak 22, astelehena

19:00 Trafiko batzordeko bilera Potxoenean. Behar diren boluntoarioak: 100 lagun.