Mugikortasun Plana aurkeztu eta lehentasunak finkatzeko aukera, ekainaren 13 eta 20an

Noaua Aldizkaria 2001ko aza. 30a, 01:00

Udazkenean egin zen "Kale Irekiak" parte hartze prozesua bere fruituak ematen hasia da. Prozesu hartan, usurbildarrek Mugikortasun Plana zehazteko aukera izan zuten. Usurbilgo espazio publikoaren eta mugikortasun ereduaren gabezi eta beharrak aztertu eta horien gaineko proposamenak bildu ziren. "Modu horretan, herriaren mugikortasun eskema eta espazio publikoen diseinua definitzeko lehen urratsa eman zen", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

Jasotako ekarpenak dokumentu tekniko batean bildu ditu Usurbilgo Udalak. "Mugikortasun jasangarriaren irizpideetan oinarrituta, kale, plaza eta auzoetako herri-lan edo eta birmoldaketa proposamenak jaso dira" eta orain dokumentu hau aurkeztera doaz herritarrei, ekainaren 13 eta 20rako deitu dituzten lan saioetan.

“Aldaketa horiek guztiak Espazio Publikoaren Planean jaso, eta Denbora-Plangintza batean ordenatuko dira. Plangintza definitzeko, usurbildarron laguntza eskatzera gatoz berriz ere. Hau da, guztion artean erabaki dezagun proposatutako aldaketa guztietatik, zein izan behar den gauzatzen lehena, zein bigarrena eta ondorengoak”, adierazi dute udal ordezkariek. Honatx Udalak iragarri dituen bi lan saioen gaineko zehaztasunak:

Deialdiak

Ekainak 13, asteartea

18:00 Lehen lan saioa Potxoenean. Udazkeneko parte hartze prozesuko emaitzen azterketa. Mugikortasun eskema eta espazio publikoen eraldaketarako proposamen nagusien errepasoa, eta Berrantolaketa Planean definitutako mugikortasun antolamendu orokorrari buruzko azalpenak.

Ekainak 20, asteartea

18:00 Bigarren lan saioa Potxoenean. Gune ezberdinetako lanak egiteko proposamen garrantzitsuenen azalpenak. Lehentasunezkoak, garrantzizkoenak, egingarrienak proposatzeko aukera izango da. "Informazio horrekin, Espazio Publikoaren Planean denbora-plangintza gauzatuko da", berri eman dute Udaletik.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.