Gurasoak preso dituzten haurren inguruko dossierra osatu dute. Errealitate honek haurrengan duen eragin psikologikoen azterketa bideratu dute bi psikologok, pedagogo eta irakasle batek. Lan talde honetako bi kide gonbidatu zituen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak abenduaren 19an Sutegira; Araitz Zubimendi irakaslea eta Izar Etxera! Plataformako kidea, eta Iñaki Barrutia psikologo klinikoa. Gutxitan jorratzen den gaia hartu zuten ahotan: “Espetxea eta umeak”.
Gai honi buruz aditu taldeak egin duen lanketak ondorio argia uzten du agerian; euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak nabarmen sufritzen dituzte haien haurrek ere. “Sakabanaketak haurtzaroko zati garrantzitsua lapurtu die”, zioten Sutegin.
Asteburua heltzean, aisialdiaz gozatu edo bere ama, aita edo guraso biak bisitatzeko ehunka kilometroko bidaia egin behar izatearen artean erabaki beharrean aurkitzen dira, motxiladun ume gisa ezagutzen ditugun kolektibo honetako kideak; 18 urtetik beherako 113 haur eta gaztetxo.
Nabaria da haiengan estresa eragiten dietela gurasoak bisitatzeko egin beharreko joan etorriek, errepideetako arriskuarekin batera. Aurrez ezinegona eta antsietatea eta lo hartzeko arazoak ere izaten dituztela. Bisitetan jasan behar duten espetxeetako giro erasokorra gaineratu behar zaio horri. Behin bisita egin ostean, gurasoengandik berriz urrundu behar izatea aski gogorra izaten da haurrontzat. Egunerokoan gurasoen falta sumatzeak, familia egitura barneratzeko arazoak eragiten dizkiete haurroi. Inpotentzia, frustrazioa eta amorrua ohiko sentimenduak dira haiengan. Amorrua besteak beste, baita sakabanaketak eragindako gainzigorra sufritzen ari direla jabetzen direnean ere.
Galderak sortzen zaizkiela, ia zergatik dauden gurasoak kartzelan, noiz arte egongo diren, gaizkile-kartzela binomioa azaldu beharra suertatze dela… Kontuok argitzea ordea ez da erraza. Argi zioten Sutegiko solasaldian, konplexua dela erantzun erlatiboekin galdera absolutuak erantzutea.
Baina Sutegiko solasaldian nabarmendu nahi izan zuten baita, gainerako haur askoren antzera, afektiboki ondo daudela, sozialki babestuak eta hutsune afektiboak izan arren zoriontsuak direla.
Espetxean jaiotako haurrak
Sara Majarenas eta Izar donostiarren kasua gizarteratzeak errealitate hau plazaratzen lagungarria izan dela gogorarazten dute. Gai hau lantzen hasi baitziren kasu honen harira. Izar amarekin dago egun Madrilgo pisu tutelatu batean kartzela zigorra betetzen. Aurrez, Valentziako Picassenten zeuden espetxeraturik. Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrak bezala. Gurasoak ehunka kilometrora espetxean dituzten haurren errealitatearekin batera, espetxean jaiotako haurren egoera ere hor dago.
Gai hau oso hurbiletik bizi duen herritar batek ere parte hartu zuen solasaldian; Mari Karmen Anzak, Olatz Lasagabaster presoaren eta harekin den Xua haurtxoaren amonak. Gogoan izan, hilabete honetan bertan urtea beteko duen umetxoa Olatzen alboan dago egun Picassenten.
Urtea betetzear du Xuak. Ez zen egoera errazean jaio. Bere aitona hil berria zuen Patxik haurra jaio eta hirugarren astera arte ezin izan zuen ezagutu. Eta ia 600 kilometroko bidea egin beharrean aurkitu zen biloba ezagutzeko Mari Karmen Anza. Valentziara heldu, gaixotu eta bertako ospitaleko ZIUn izan zen hilabetez. “Baina dena oso ondo atera da azkenean, denok oso pozik gaude Xuarekin”, zioen Anzak irribarretsu Sutegiko solasaldian.
Xuak, baditu haurrei zuzendutako jolastoki eta aisialdirako baliabideak. Baina azkenean, gutun bidez bere ama Olatzek kontatzen zuenez, egunero 9 ordu baino ez dituzte egiten ziegatik at. Kasik presoaren bizimodua darama haurrak berak ere. “Espetxea espetxeago” egin zaiola nabarmentzen du Olatzek idatzi eta Sutegin irakurri zuten gutunean. “Dependentzia erabatekoa da espetxe eta etxekoekiko”. Eta hemen agertzen da beste gaia: espetxe barruan esklusiboki amarena den zaintzaren gaia. Haurrak amekin daude egun osoan espetxean, “aita bigarren planoan geratzen da”. Xuaren kasuan bezala. “Astean 2 orduz, hilean 2 aurrez aurreko hirurok egoteko”, dio Olatzek Picassentetik. Preso diren aitek gogor borrokatu behar dute seme edo alaba ikusi ahal izateko.
“Ezinbestekoak dira etxean”
Picassent espetxean egongo da Xua 3 urtera arte, gero Usurbila etorriko da. Une gogorra izan ohi da hori, 24 orduz elkarren alboan hiru urtez eman dituzten ama eta haurraren bereizte eta urruntzea alegia. “Oso une gogorra da. Oso garrantzitsua da horregatik aurre hartzea, une horretarako garaiz prestatzea”, zioen Iñaki Barrutiak Sutegiko solasaldian. 24 ordu batera elkarrekin egotetik lantzean behin ikustera igarotzen dira guraso eta haurra. Konfiantzazko helduaren babesa galtzen du haurrak, eta dossier honen egileek argi diote, bereizketa bortitz honek haurren izaera osatze prozesua kaltetzen du.
Testuinguru honetan argi utzi zuen Araitzek, “gure umeek ez dute preso sozialen haurren eskubide berberak”. Errealitate hau irauli litekeela gogorarazten du, ez legedi berri batekin, indarrean dagoena aplikatuta baizik. Testuingurua argi aldatu denez, presoak “etxera itzultzeko arazorik ez” dagoela zioen Araitzek, eta gogorarazi zuenez, “ezinbestekoak dira familian”.