“Aurpegi berri piloa eta lanerako gogo handiz” dira Txosna Batzordekoak, jaiak abiatzear diren honetan. Lerroon bidez, eskerrak helarazi nahi dizkiete batzordean parte hartzen dabiltzanei. Bilgunea sasoiko izatea, herrian azken aldian hazten ari den gazte mugimenduak zerikusi zuzena duelakoan daude. “Bada horren islada” ere, NOAUA!ri adierazi diotenez. Gogoan izan, apirilean aurkeztu zuten gazte usurbildarrek udazkenera arte iragarri duten dinamika. Hilabetero gai bat ardatz hartuta jarduerak antolatzen ari dira. Parekidetasuna izan dute hizpide ekainean. Haur eta gazteen aisia hizpide hartzekoak dira uztailean. Argi diote, “gauzak ondo samar eginda, gauza politak egin daitezke, festak tartean”.
Emakumeen parte hartzean izan den gorakada nabarmentzen dute. “Bizpahiru izatetik 15-20 izatera igaro gara”, aldaketa nabaria beraz. Bai antolakuntzan, baita deitu diren ekitaldietan ere. Herritarrek protagonismo argia izango duten ekitaldi eskaintza zabala antolatu dute.
Bertsio gau mistorako parte hartze itzela
Etxekoen aldeko apustua egin dute jaietako gauetarako. Txosnetako oholtza gainean ikusiko ditugu Eromeria, Odolaren Mintzoa, Rukula, Zaparra, Larrian Gozo… Eta frontoian, Mendeku Itxuaren itzulera! Baina herriko musikariez gozatzeko beste hitzordu bat ere izango da. Aspaldiko parte hartze handiena sustatu eta talde ezagunen abestiak musikari usurbildarren ahotsean jartzen dituen Bertsio Gaua, mistoa aurten.
Aurrez egin duten lanketaren emaitza izan da. Ernai gazte erakundeak musika eta generoaren inguruan egindako topaketetatik sortu zen ideia, bertsio gau mistoa antolatzearena. Nesken parte hartzea sustatu nahi zuten. Abestiak bertsionatuko zituen usurbildarren musikari taldeak neska mutilez osatuak izateko deia egin zuten. Parte hartzea agian jaitsiko zela uste izan arren, azkenean ez, “oso erantzun ona egon da. Jende desberdin asko, neska berri piloa animatu dira”.
15 bat talde osatu dira, aurreko edizioetan 10 bat osatzen zirenean. Pentsa, parte hartzean izan den gorakadak Bertsio Gaua azkenean ordubete aurreratu beharra ekarri du (ekainak 28, 22:00) eta talde bakoitzak 4 abesti jotzea aurreikusten bazuten ere, emanaldi bakoitza hiru kantetara murriztu beharra.
Ekitaldia gainera, musika estilo gehiagora zabaltzea erabaki dute. “Aniztasun gehiago” eta aberatsagoa izango da Bertsio Gau Mistoa. Eredu aldaketa hau abiapuntutzat hartzen du Txosna Batzordeak. Aurrera begira ordea, erronka argia dute. “Hurrengo urteetan ekitaldiak izaera mistoa izan behar duela gogorarazi beharrik ez izatea” nahi lukete.
Erraustegiaren aurkako manifestazioa
Eskaintza zabala, anitza prestatu du Jai Batzordeak ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Gau eta egun, atsedenik ez da izango txosna gunean. Parranda eta ondo pasatzeko gogoa baino ez. Oilasko biltzaileen irteera, bazkari eta jolasekin ekingo diete festei. “Jende gutxik parte hartzen zuen garaia egon da. Belaunaldi berria ordea indartsu dator”. Ostegun goizeko 06:00etatik aurrera suziri hotsak entzuten badituzue adi, oilasko biltzaileak ez dira urruti ibiliko. Ibilbide bakarra edo bi osatzea proposatu arren, azkenean oilasko biltzaileen talde bakarrak egingo du etxe nahiz baserrietako goiz parteko bira.
Ospakizunon ostean, txosnetan hasi eta txupinazoaren eskenatokira eramango gaituen erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu dute, hirugarren urtez jarraian. Eta gogoan izan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, agian jaiok izan daitezke erraustegia eraikia izan eta martxan jarri aurreko azkenak.
Gastronomiari lotutako ekitaldiei dagokienez, Gazte Eguna ospatuko dute ekainaren 29an. Bazkaria antolatu dute ohi bezala. Txartelak aurrez eskuratu ahalko dituzue ohiko lekuetan. Jan edanari dagozkion hitzorduak, asteburuan ospatuko diren paella eta patata tortilla txapelketak osatuko dute. Txosnetan sukaldatu eta su artean prestaturikoa jai eremuan bertan dastatzeko aukera izango da.
Digestioa egiteko dantzarako gonbita luzatzen digute, kasik egunero izango ditugun txarangekin. Haietako batek, Eonian taldekoek larunbateko gaupasa egin dutenak Kaxkotik barrena mugiaraziko ditu, Bordatxo aurreko errotondako argazki tradizionala atera aurretik. Haurrentzako xake, “a un toke” eta mus txapelketek osatuko dute Txosna Batzordearen jaiotarako eskaintza.
Txosnak muntatu eta txandak egiteko laguntza beharrean
Mikel Laboa plaza izango da txosna batzordearen topagunea. Bat ez, aurten bi txosna kokatuko dituzte frontoi atzean. “Iaz ikusi genuen, txosna batekin ez zela nahikoa. Alternatiba gisa, larunbat gauez bi barra jarri genituen. Aurten bi txosna izateko beharra ikusi da”, adierazi diote NOAUA!ri Txosna Batzordetik.
Erronka bi txosnak arratsaldetik goizaldera zabalik mantentzea izango da. Horretarako ordea noski, laguntza behar dute. Hiru orduko txandak egiten laguntzera animatzen dituzte usurbildarrak. “Jendea behar dugu txandak egiteko, Txosna Batzordeak bakarrik ezin du hori aurrera eraman. Herriari deialdia egin nahi genioke, gazte nahiz heldu, ezinbestekoa dugula laguntza eta eskertuko genuke”. Animatzen direnek Aitzagan eman dezatela izena. “Jaietako parte sentitzeko modu bat izan daiteke. Denontzako antolatzen ditugu festak eta denon laguntza behar izaten da”.
Bestela, asteazken honetan (ekainak 27) gerturatu Mikel Laboa plazara. Txosnak muntatzeko ere auzolanerako deia egin dute.