"Erraustegiari buruzko eztabaida tekniko bat eskatzen jarraitzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2001ko aza. 30a, 01:00

Zubietako erraustegia izan zuten hizpide bart ETB-ko "Katebegia" saioan. Erraustegia defendatzen dutenen eta aurkako zenbait ahots bildu zituen ordubeteko dokumentalak. 

Asensiok Europako herri aurreratuenek erabiltzen duten punta puntako teknologia baliatuko dutela ZUbietan zioen. "Lasai egon gaitezke", zioen ETB-ko kameren aurrean. Hondakinak erraustea defendatu zuen energia iteri gisa. Datak finkatu ere bai, obren gunetik bertatik zioenez, 2019. urte amaierarako martxan egotea aurreikusten du. Egun gipuzkoarren hondakinak Zabalgarbira eramaten direla eta, etorkizunean bide hori baztertuta, bere esanetan Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko dituen beharrei erantzungo dien Zubieta gaineko azpiegiturok martxan jarrita zioenez, "uste dut konponduta izango direla gure arazoak". Eta horrekin, "gure ametsgaiztoen amaiera, gipuzkoarron arteko talka amaituko da". Aurreko legegintzaldiari buruz zioen, "azpiegiturak geratu zituzten, ez zuten alternatibarik aurkeztu". Etorkizunera begira, egun %53an dagoen Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa %70era igoaraztea dute helburu. Gainerako %30a kudeatzeko defendatzen zuen erraustegiaren beharra. "Ez dago besterik", bestela, "zabortegiak ireki behar" zirela eta hori litzatekeela erabaki txarrena.  

Modu honetan, bere ustez Gipuzkoak duen egoera okerrenari irtenbidea aurkitu diote, hondakinak kudeatzeko azpiegitura ezari alegia. Eraikitzen ari diren erraustegia geratzeko herri mugimendu anitz eta milaka herritarren eskakizunari dagokionez zioen, "geroz eta gutxiago dira. Errespetatu egiten ditut. Oso mugimendu txikia da. Baina gehiengoaren iritzia errespetatu behar da", 2015eko hauteskundeetako emaitzei erreferentzia eginez.

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin:

Berriki, Espainiako Kontu Auzitegiak egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ko agintariek salaturiko EHBilduko ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetu izanaren harira onartzen zuenez, "pixka bat harritu digu nolako argudioak erabiltzen diren". Gogoan izan, helegitea aurkeztuko dio GHK-k aipatu epai honi.

Berriki 2013an erraustegia geratzeagatik errugabetu zituen garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin ere elkarrizketatu zituen saioak. Duela bost urte erraustegia geratzeko erabakia hartu izanagatik 46 milioi ordaintzea eskatu diete GHK-ren EAJ eta PSE-ko agintariek. Epaileak arrazoia eman die. "Ez zen espero genuena", zioen Intxaurrandietak. Justiziarengan ez zutela esperantzarik, eta ezustean jaso dutela aldeko epaia. 

Baina denboran atzera eginda, argi dio Intxaurrandietak. "Berriro berdina egingo nuke". Gaineratzen zuenez, "Gipuzkoarren interesak defendatu genituen" eta orain, "botereak larrutik ordainarazi nahi digu".

ERrazkinek Asesoren hitzak ukatu zituen. Erraustegia geratu ostean, alternatiba bazela eta aurketzu zutela gogorarazi; Gipuzkoan utziak zeuden harrobiak berrerabili eta azpiegitura deszentralizatuen alde eginiko apustuak. 

Erraustegia eraikia eta martxan ikusiko ote dugun galdetuta, Errazkinek "arriskatu egingo gara?" galdetzen zuen. 10-15 urte igarota, erraustegiaren kalteen eragina nabarmentzen hastean, "atzera bueltarik ez denean, zer esango dugu?".

Erraustegiaren etorkizunaz galdetuta, Intxaurrandietak argi zioen."Batek daki. Hauteskunde batzuk daude aurretik". Etorkizuna, herritarren erabakiaren esku egongo dela gogorarazi zuen. 

"Saioa ikusi dudanean zur eta lur geratu naiz"

Erreakzioen eguna biharamun honetan. Gipuzkoa Zutik mugimendutik erraustegiari buruzko dokumentala eskaini arren, "erraustegiari buruzko eztabaida tekniko bat eskatzen jarraitzen dugu" gogorarazi du sare sozialen bidez. Gogorarazten dute, joan den maiatzean 10.000 herritarren sinadurak entregatu zizkiola Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Euskal Telebistari, Miramongo egoitza atarian egin zuten elkarretaratzean. 

Ainhoa Intxaurrandieta izan zen dokumentalean ikusi eta entzun ahal izan genuen beste ahotsetako bat. Harridura agertu du grabatutakotik azkenean plazaratu dena ikusita. "Grabatutakoan oso konten geratu, baina gaur saioa ikusi dudanean zur eta lur geratu naiz. Bi ordutako grabaziotik lau minutu besterik ez dute atera. Non geratu dira oker sinatutako swapak? Ordenagailu lapurtuak? 70.000 artxibo ezabatuak? Milioi euro askotako xahuketa arduragabea. Beste guztia norbaitentzat kaltegarria zen ala?". 

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/katebegia/