Harrera jendetsua izaten ari da Haurren Eguna

Noaua Aldizkaria 2010ko uzt. 1a, 00:00

Goizeko hamarrak pasatxotan, "Primerako egunaren leloa" abestia kantatuz eta dantzatuz hasi dute Haurren Eguna, antolakuntza lanetan dabiltzan guraso eta ekitaldietara gerturatu diren gaztetxoak. Hortik aurrera, abian jarri dute ostegun honetarako prestatua duten ekitaldi sorta, herriko gune desberdinetan. Frontoian, "Molto grand prix" delakoa zabaldu dute, ondoan Dema plazan puzgarrietan saltoka dabiltza goizetik hainbat haur. Mikel Laboa plazan giza futbolina ere martxan dute eta haren ondotik goizeko hamaiketan abiatu da herritik zehar osteratxoa egin eta bidaiariz betea zeraman txu-txu trena. Talde desberdinetan bilduta, gaztetxoak nonahi ikus daitezke herrian zehar, ginkana erraldoiko hainbat probatan parte hartzen. 


Eta Haurren Eguna hasi besterik ez da egin. Bazkaria, buruhandiak, ikuskizun edota txokolate jana datoz iluntzera arte, argi dagoenez Santixabeletan ere haurrek protagonismo berezia baitute.