Giro ederrean ospatu dira Atxegaldeko festak

Noaua Aldizkaria 2010ko abu. 30a, 00:00

Abuztuko azken asteburuan Atxegaldek hartu du festen lekukoa, eta nola gainera. Joan den ostiralean txupinazoak jai giroa lehertu zuenetik atzo gaueko azken trakara arte, auzoko plazarako jendearen joan etorria etengabekoa izan da. Bai egunez ospatu diren haur jolas edota mus, aizkolari, eta patata tortilla txapelketetara, baita gauean, Josune Aranbururekin ospatu zen kantu afarira edota Dj Larrak, Ze esatek! edota Ingo al deu? musika taldeen kontzertuetara ere. Hamabost urteko etenaldiaren ostean, Jai Batzordeko kideek laugarrenez antolatu dituzten Atxegaldeko festek aurreko urteetako jai giroa bizirik mantentzen jarraitzen dute. Orain, astelehenarekin batera, balorazioak egin eta jai guneko tresnak biltzeko garaia heldu da gelditu gabe lanean jardun duten Jai Batzordeko kideentzat. Amaitu dira Atxegaldeko festak, baina jai giroak ez du etenik oraindik gurean. Hurrengo geltokiak, Santuenea eta Aginaga izango dira, iraila eta urrian hurrenez hurren.