Kea eta usainen harira, 702 herritarren sinadurak aurkeztu dira udal erregistroan

Noaua Aldizkaria 2010ko aza. 3a, 00:00

Duela hilabete pare bat, herriko enpresetako kearekin kezkatuta, bizilagun talde batek sinadura bilketa jarri zuen martxan. Ordutik hona, herriko saltoki ezberdinetan izan dira izen-emate orriak. 702 izan dira bildu dituzten sinadurak. Astearte honetan, herritar horiek udal erregistroan aurkeztu zituzten sinadurak. Gauza bera egingo dute Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saila eta inguruko enpresetan ere.
 
Irailaren erdialdean, bizilagun talde batek sinadura bilketa bat jarri zuen martxan. Enpresetatik datozen ke eta usainekin kezkatuta, 702 izan dira euren sinaduraeman duten herritarrak.
Atzokoan, sinadura horiek guztiak udaletxean aurkeztu ziren, udal erregistroaren bidez. 66 orrialde, guztira. laburpena duen orri bat ere.
Bizilagun talde honek igorri digun idatzian diotenez, "Usurbilgo 702 auzokideren babes honekin, non herriko biztanleriaren %10a baino gehiagoren adierazle den, guztion onurarako, gure osasuna eta ingurugiroaren babeserako, gure ahaleginarekin jarraitzearen betebeharrean sentitzen gara".
Gaia ez da oharkabean pasa eta azken bolada honetan, ke eta usaien kontu honek oihartzuna izan du hainbat hedabideetan: "Informazio horren ondorioz, jakin ahal izan dugu Usurbilen beste zenbait auzokide ere arduraturik daudela", diote.

Informazio eske
Sinaduren ekimena bideratu duten herritar hauen ustez, "udaletxeak keen eta arnasten dugun airearen ingurumen baldintzen inguruko informazioa badauka, eta baita Osakidetzak, Ingurumen Sailak eta gure inguruko zenbait enpresek ere, bereziki  Usurbilgo biztanlerian ematen diren minbizi kasuen jazoeraren inguruan". Sinadurak aurkeztearekin batera, bistan denez, informazio hori ere eskuratu nahi dute bizilagun hauek.

Udal arduradunekin biltzeko eskaera

Sinadurekin batera, idatziz honako hau eskatu diote alkateari:
“1. Herri aldarri honen buru izan zaitezela, arnasten dugun aire honen eta gure osasunaren aurka joan daitekeen edozein jazoera saihestu ahal izateko.
2. Bilera batera dei gaitzazula, gaiaren inguruan ardura duten beste zenbait herritarrekin batera.
3. Bilera horretan keen eta arnasten dugun airearen ingurugiro baldintzen
inguruan duzun informazioa ezagutzera ematea, baita Usurbilen ematen diren minbizi kasuen jazoera ere.
4. Alkate zaren horretan zein neurri zehatz hartzeko asmoa duzun azaltzea, gure laguntza nahi izanez gero, eskumena duten erakundeek lagun gaitzaten, hala nola, Osakidetza, Ingurumen Saila, Industria Saila, enpresak eta abar. Auzokideek jakin beharra dugu inguruko enpresen jardunak ez duela inongo arazo larririk sortzen gure osasunean. 

Udala gaiari jarraipena egiten dabil

Gai hau ez da berria. Aspaldirik dator. Irailean, sinadura bilketaren hasiera iragarri zenean, udal ordezkariengana jo genuen. Urriaren 8ko aleanbildu genituen alkatearen adierazpenak. Hemen duzue orduko artikulua: "Gainean gaude”. Hori da Udaletik Xabier Mikel Errekondok jakinarazi nahi diena herritarrei, eta modu berezian, lantegietako ke eta usain txarraz kexu, ingurumen eta osasun alorrekiko kezka agertu duten Atxegaldeko bizilagunei. 2007an Udalera ailegatu zirenetik gaur egunera arte gaiaren nondik norakoen berri eman dio NOAUA! aldizkariari.
“Udaletxera sartu eta berehalakoan gai honi heldu beharra aurkitzen gara”, adierazi du alkateak. Kexuak ugari baitziren duela hiru urterako eta ordutik, herritarren salaketak gaurdaino heldu dira. “Legegintzaldi hasieratik, Ucin-en kasuan, salaketen berri izan dugu, nagusiki Atxegalde inguruko biztanleengandik jasoak”, dio Xabier Mikel Errekondok.
Udala legegintzaldi hau hasi berritan, 2007ko uztailean bildu zen lehen aldiz, Eusko Jaurlaritza eta Ucin enpresako ordezkariekin. Bilera hartan, Ucin enpresak zenbait egokitzapen egiteko konpromisoa hartzen du eta uda hartan zenbait lan burutu zituzten.
Urteotan ordea, egoerak bere horretan jarraitu du. Herritarrek argazki edota deien bidez kexak aurkeztu eta horien guztien jarraipena egin dutela dio alkateak. Udaletik ere ahaleginak egin direla dio Errekondok, baina Udalaren eragiteko aukerak mugatuak direla.

Emaitza larririk ez, orain arte
Aire kalitatea neurtu dute zenbait aldiz. “Atxegalden kokatzen dira furgonetak neurketak egiteko, baina ez dute emaitza berezirik ematen”, gogorarazi du Errekondok. Ikuskaritzak ere bideratu dituzte, Kimika Fakultatearena tarteko, baina emaitza kezkagarririk ez da izan.
Eskerrak agiriko sinatzaileei
Alkateak gogorarazten duenez, gai honi heldu dio Udalak, baina “modu orokorragoan. Zorionez Usurbilen ingurumen eta osasunarekiko sentiberak gara”. Horregatik, eskerrak eman dizkie idatziaren sinatzaileei, agertu duten kezkagatik, bereziki sinatzaileetako bati, Pedro Ibarrari. “Inoiz ez da berandu. Ongi etorriak, Udala hiru urtetik hona arazo honen kontra borrokatzen ari garenon artera”, adierazi du alkateak.
Udaletik alkateak ingurumena eta zaintzeko bermedun neurriak hartzeko beharra dagoela azpimarratzen du eta honenbestez, “minbizia sortzeko arriskua duten edozein elementu baztertzekoa, erraustegia adibidez”. Usurbiltzen Elkartea bezalako herri ekimenak bultzatu behar direla aipatzen du, Osasun Sailetik helarazi dieten mezua ahotan hartzearekin batera. Errekondoren esanetan, “ekonomikoki garatuak dauden herrialdeetan minbizi tasak igotzen ari dira”.

2009ko txostena
Kexu eta bileren artean, guraso talde batek 2009ko udaberrian herriko zenbait gazteren artean eman ziren minbizi kasuen inguruko txosten bat helarazi zion Udalari. Udala Osasun Sailekoekin harremanetan jarri zen berriz eta erantzun zietenez, “aurreikusten dute, berezia dela, punta edo piko hori berezia dela, eta jarraipena egiteko konpromisoa hartzen dute”.
Horren haritik, Udalak eskatuak ditu 2005-09 urte arteko Usurbilgo minbizi kasuei buruzko datu orokorrak. Emaitzak ordea oraindik ez dira plazaratuko, bataz beste datu bilketa egin eta emaitzak ofizial egin arte, bizpahiru urte igaro ohi dira eta, Osasun Sailak Udalari berri emandakoaren arabera. “2009ko datuak 2011 edo 2012an lortuko dituzte formalizatzea, eta behin betiko edo ofizial egitea”, adierazi du Errekondok.
Iraileko osoko bilkuran, herritarren kezka udalbatzan islatu zen. Gaiarekiko kezka agertu zuen Aralarretik Joxe Ramon Furundarenak eta baita informazioa eskatu ere. 

 

Youtube-n aurkitu dugu kearen inguruko honako bideoa: