Errege Kabalgatarekin, amaitu dira eguberrietarako iragarriak zeuden ekitaldiak

Noaua Aldizkaria 2011ko urt. 7a, 00:00

Aurtengoan ere ekitaldi mordoa ospatu da eguberrietan. Oporretan zeudela jakinik, eta beti izan ohi duten arrakasta ikusita, haur eta gaztetxoei zuzendutakoak ziren burututako ekimen gehienak. Hala nola, hiru egunez 2-12 urte artekoentzat Kiroldegian zabaldu zuten Gabonetako Parkea. Baina hor dago Txan magoaren emanaldia, txotxongilo saioak, film emanaldia, Gaztelekutik antolatutako ekimenak, edota San Silbestre herri lasterketan ere gaztetxoek izandako parte hartzea. 

Ziortzakoek antolatutako errege kabalgatarekin amaitu da gabonetako ekitaldi sorta. Asteazken iluntzean ailegatu ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta eurekin haien laguntzaile taldea. Urdaiagatik abiatu ziren hiru erregeak. Santuenea, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatu zituzten hiru errege magoek. Gozoki zaparrada ia etengabekoa izan zen ibilbide osoan zehar. Frontoian burutu zen amaierako ekitaldia, ohi bezala, jendez leporaino betea zegoela. Han erregeen azken mezua entzun ahal izan zen, eta ondoren, beste gozoki zaparrada. Goizean frontoian burutu zen gutun bilketan, haurrek euren azken eskaerak burutzeko aukera izan zuten. 

Errege egunarekin amaitu dira eguberriak, baita oporrak ere askorentzat. Astelehenetik, urtarrilaren 10etik aurrera ikasleak ikastolara eta langileak lanera itzuliko dira. Normaltasun eta egunerokotasuna nagusituko da berriz ere.